Oraingoz, ez dute estalkia eraikitzeko proiektua onartu. Abuztuaren 14ko Alkatetzaren Ebazpenaren bidez onartutakoa Xehetasun Azterlana da; hau da, etorkizunean estalkia egin ahal izateko bete beharko diren hirigintza-baldintzak zehazten dituen dokumentua. Gonzalo de la Fuente Peña eta Igor Quijano Barturen arkitektoek idatzi dute, eta bertan jasotzen dira, besteak beste, estalkiaren kokapena, gehieneko altuera eta mugekiko distantziak.
Jarduketak, gainera, ez du espazioaren erabilera aldatuko. Eremuak publikoa izaten jarraituko du, eta gaur egun bezala, herritarren aisialdirako eta egoteko gune izango da. Aldaketa nagusia estalkia izango litzateke, eguraldi txarrak jolasgunea erabiltzea hainbeste baldintzatu ez dezan eta, bero handiko egunetan, itzala ere eskaintzeko.
Herritarrek ere izango dute zer esana
Prozedurak aurrera egin aurretik, Xehetasun Azterlana 20 egunez jarriko dute jendaurrean. Denbora horretan, dokumentazioa aztertu eta alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte interesa duten herritarrek. Espedientea udal-instalazioetan ere kontsultatu ahal izango da, aurretik hitzordua eskatuta.
Jendaurreko epea amaitutakoan, jasotako alegazioak aztertu eta behin betiko onarpen-proposamena dagokion Informazio Batzordera eramango dute. Ondoren, Udalbatzaren txanda izango da, hurrengo bilkuran gaia aztertu eta prozeduragaz aurrera egin ala ez erabakitzeko.