Hitzordua 09:00etan izango da Armintzako autobus-geltokian. Pagomakurrera zuzenean joan gura dutenek, berriz, 10:15ean dute hitzordua bertako aparkalekuan. Itzulera 17:00ak inguruan egitea aurreikusten dute.
Gatzarrietara igotzeko ibilbideak 9,5 kilometroko luzera eta 350 metroko desnibela izango ditu. Antolatzaileek zailtasun errazeko txangotzat jo dute, bidean haitz-guneren bat egongo dela ohartarazi duten arren.
Etzandarri lagun talde bat da, eta irteerak prestatzen eta gidatzen dituztenak guraso boluntarioak dira. Horregatik, parte-hartzaile bakoitzak bere segurtasunaren ardura izango duela gogorarazi dute, eta Mendi Federazioko asegurua edukitzea gomendatu dute.
Irteeraren helburuetako bat euskararen erabilera sustatzea ere bada; horregatik, jarduera osoa euskaraz egingo dute eta parte hartzeko hizkuntza ulertzea beharrezkoa izango da.
Txangoa doakoa izango da, baina aurretik izena ematea gomendatu dute. Horretarako, 688 602 121 telefono-zenbakira jo daiteke.