Lehenengo plantazioa joan den eguenean aurkitu zuten. Inguruan patruilatzen ari ziren ertzainek marihuana-usain handia sumatu zuten, eta landa-lursail batean tamaina eta hazkunde-fase desberdinetako 55 landare aurkitu zituzten. Landareak kendu eta lursailaren bi arduradunak identifikatu zituzten: 36 eta 62 urteko bi gizon. Lehenengoak aurrekari bat du droga-trafikoagatik.
Hurrengo egunean bigarren plantazioa aurkitu zuten, beste landa-eremu batean. Kasu horretan, baserri bateko lurretan 28 marihuana-landare topatu zituzten. Ertzaintzak landareak kendu eta horien jabea, 72 urteko emakume bat, ikertu egin zuen osasun publikoaren aurkako delitu bat egotzita.
Azken esku-hartzea atzo goizean egin zuten. Ertzainak landa-eremu batera joan ziren legez kanpoko erreketa bat egiaztatzera eta, bertan, marihuana-landareen hainbat loreontzi aurkitu zituzten. Guztira, beste 28 landare atzeman zituzten. Horien jabea, 38 urteko gizon bat, ikertzen ari dira osasun publikoaren aurkako delitu batengatik; aurretik beste bost delitugatik ikertua izan dela jakinarazi du Segurtasun Sailak.
Hiru esku-hartzeetan, beraz, 111 marihuana-landare kendu dituzte guztira Lemoizen, eta lau pertsonaren aurkako eginbideak zabaldu dituzte.