Guraso Elkarteko kide batek adierazi duenez, hainbat familiek ez dute beren seme-alabek etxean bazkaltzeko modurik, haien bizilekuaren eta ikastetxearen arteko distantziagatik, eta horregatik, jantoki-zerbitzua erabili behar dute derrigorrez. Ikastetxeko IGEak kritikatu du haiek ez direla beren seme-alabak etxetik urrun dagoen zentro batera joan behar izatearen erantzule, hezkuntza-eskaintzaren eta eskola-plazen esleipenaren inguruabarrei erantzuten baitio horrek, eta, beraz, ez dela bidezkoa familiei jantokiaren hobaria kentzea.
Izan ere, garraiatutako ikasleentzako jantokiko deskontu-tasa kentzeak kuotak nabarmen handitzea ekarriko du: ia 30 euro gehiago ordaindu beharko dituzte hilean Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen familiek, eta 24 euro gehiago hilean 2 urteko gelako ikasleen kasuan.
Lemoizko eskolako IGEak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio beren seme-alabek egunero beren ingurune hurbiletik kanpo dagoen ikastetxe batera joan behar duten familien egoera eta agindu honek ekarriko dien kalte ekonomikoa kontuan izatea, baita hobariaren ezabapena berrikustea eta hura berreskuratzea baloratzea. Horretarako, Guraso Elkarteak erreklamazio-eredu bat prestatu du, ahalik eta familia gehienek betetzeko eta Jaurlaritzari bidaltzeko. Horregaz batera, inguruko ikastetxeegaz harremanetan jarri dira, informazioa partekatzeko eta egoera elkarregaz aztertzeko.