Zubirik ilusio berezia zuen aurtengo Munduko Txapelketagaz. Ekainean, oraindik lesioaren aurretik, Argentinara joatea zuen helburu, eta Euskal Selekzioaren kamiseta jantzita lehiatzeko aukerak motibazio berezia eragiten ziola azaldu zuen. Armintzarra pala motzeko hautagaien artean zegoen, eta 2018an Bartzelonan munduko txapeldun izandako esperientzia zuen atzean.

Baina ekainean Sopelan jokatutako Euskal Herritik Mundura txapelketako finalean lesioa izan zuen Zubirik. Ordutik, lesio horrek zapuztu dio Munduko Txapelketan kantxan egoteko aukera. Hala ere, Armintza Pilota K.E.k eta federazioak pilotaria espedizioagaz batera Argentinara joatea gura dute, eta barikuko jaialdia bidaia hori posible egiten laguntzeko antolatu dute.
Horretarako, pilota-partidak baino askoz gehiago prestatu dituzte Armintzan. Norgehiagokez gain, zozketak egingo dituzte, Euskal Selekzioaren kamisetak salgai jarriko dituzte eta pintxopotea egongo da, baita antolatzaileek aurreratu dituzten bestelako sorpresak ere. Bildutako diru guztia Zubiriren bidaiara bideratuko dute.
Zubiriren eta Armintzaren arteko lotura aspaldikoa da. Bilbon jaio arren, txikitan joan zen Lemoizera bizitzera, eta Armintzako frontoian hasi zen palagaz. Urteotan maila gorenean aritu da, eta nazioarteko zein profesional mailako txapelketetan ibilbide luzea egin du.
Hitzordua 19:00etan hasiko da Armintzako frontoian, eta sarrerak 5 euro balioko ditu. Oraingoan frontoiko helburua Zubirik Munduko Txapelketan jokatu ezin badu ere, bere taldekideakaz batera Argentinako hitzorduan egoteko aukera izan dezala da.