Zabalik dago Lemoizko Udalaren 2027ko egutegirako argazkiak aurkezteko epea

Iratxe Ugartetxea

Azken lehiaketako hiru argazki bozkatuenak. © LEMOIZKO UDALA

Aurten ere, Udalak argazki lehiaketa bat martxan jarri du datorren urteko udal egutegia osatuko duten irudiak aukeratzeko. Argazkiak bidaltzeko azken eguna urriaren 19a izango da eta 12 argazki aukeratuko dira. Egutegia doan banatuko da udalerriko herritarren artean.

Argazkiek Lemoizegaz eta bertako herritarrekaz zerikusia izan behar dute, eta egungo zein antzinako irudiak izan daitezke. Irudiek horizontalak izan behar dute, eta argazki digitalen kasuan, gutxienez 300 x 300 pixeleko bereizmena izan beharko dute, JPEG formatuan gordeta egon beharko dute, eta 3 MB eta 12 MB arteko pisua izan beharko dute. Paperezko argazkiak ere aurkeztu daitezke.

Parte hartzaile bakoitzak gehienez 3 argazki aurkeztu ditzake, eta bakoitza egilearen izen-abizenekaz, irudiaren izenburuagaz eta hartu zen urteagaz aurkeztu behar dira. Argazkiak aurrez aurre Armintzako Kultur Etxean entregatu daitezke, urriaren 1etik 19ra, 16:30etik 20:00etara, edo lemoiz.lehiaketa@gmail.com helbidera bidali daitezke.

Egutegia osatuko duten 12 argazkiak aukeratzeko, argazkigintzako profesional batek, Kultur Etxeko kultur dinamizatzaileak eta Udaleko bi ordezkarik osatutako epaimahaia eratuko da. Epaimahaiak kalitatea, originaltasuna eta lehiaketaren oinarrien egokitasuna baloratuko ditu, eta aukeraketa urriaren 30ean egingo da.

12 irudiak aukeratu ondoren, erakusketa bat antolatuko da Kultur Etxean, eta, bertan, herri bozketa bat irekiko da hiru argazki irabazleak aukeratzeko. Argazki horiek tokiko produktuen saski banagaz sarituko dira. Azaroaren 2tik 9ra bitartean bozkatu ahalko da, aukeratutako argazkiaren izena hautetsontzi batean utziz edo sare sozialetan eta Whatsapp eta Telegram kanaletan zabalduko den formularioaren bidez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun