Etzandarrik Koartangotik Otogoienerako mendi zeharkaldia egingo du domekan

Iratxe Ugartetxea Muelas

Guztira, ibilbideak 16 km eta 600 metroko desnibela ditu. © ETZANDARRI MENDI TALDEA

Euskararen erabilera bultzatzeko helburua duen Lemoizko taldeak doako irteera antolatu du urriak 25erako, domeka. Udalak jarriko duen autobusa Armintza auzoko Armintzekalde autobus geltokitik irtengo da 8:30ean, eta 19:00ak inguru egongo da bueltan. Izena emateko, mendi taldeko kideek etzandarri@gmail.com helbidea eta 688602121 zenbakia jarri dituzte eskuragarri.

Antolatzaileek azaldu dutenez, zeharkaldia Zuhatzu Kuartangotik abiatuko da, eta Oteros (1.036 m) Lorritxo (1.024 m) eta Pititurri (1.016 m) gailurretatik pasatu ostean, Askegi etxe inguruan bazkalduko dute. Ondoren, Goros kobazuloa bisitatuko dute, eta amaitzeko Otogoien herrira joango dira. Guztira 16 km eta 600 metroko desnibela baina inongo zailtasunik ez duen ibilbidea dela adierazi dute mendi taldeko kideek.

Horrez gainera, antolatzaileek jarduera 7 urtetik gorako umeentzat egokia dela esan dute, eta irteera osoan euskara hutsean arituko direla gogorarazi dute. Parte hartu gura dutenei jatekoa eta arropa egokia eramatea eskatu diete ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun