Udalak azaldu duenez, lan-eskaintzak azaroaren 9an argitaratu ziren, Lanbideren webgunean, eta programan parte hartu gura dutenek dagokien eskaintzan eman behar dute izena. Lanbidek hautagaien parekatze informatiko automatikoa egingo du, eta prozesu horretan parte hartu ahal izateko Lanbiden eskatutako lanbideen artean "Herri-lanetako peoia, oro har" agertu beharko da. Udalak gaineratu du eskaintzak webgunetik desagertuko direla izena eman duten hautagaien kopuruak ezarritako muga gainditzen duenean.
Hautagaiek honako baldintza hauek bete beharko dituztela esan du Udalak: udalerrian erroldatuta egotea; Lanbiden izena emanda egotea, alta eta langabezia egoeran, eta 2025eko deialdian kontratatu ez izatea, ezta eskualdeko deialdi hau hasi aurreko urtean Behargintzaren beste edozein deialditan kontratatua izatea ere. Berdinketarik izanez gero, honako irizpide hauek aplikatuko direla gehitu du, hurrenkera honetan: azken enplegutik langabezian denbora gehien daramatenek izango dute lehentasuna; ondoren, emakumeek; eta, azkenik, nagusienek.
Udalak Lanbideko curriculumean aldaketaren bat egin gura duten lemoiztarrek Mungiako Lanbideren bulegoan (Olalde Berezia 3), Lanbideren webguneko "NIRE LANBIDENET" atalean edo Uribe Kostako Behargintzan egin ahal izango dutela adierazi du. Horrez gainera, informazio gehiago jasotzeko Uribe Kostako Behargintzagaz harremanetan jar daitekeela gehitu dute, 946 760 638 zenbakira deituta.