Antolatzaileek adierazi dutenez, Orduñako "La Choza" iturriko aisialdirako guneraino hurbilduko dira kotxez eta bertatik Goldetxo mendatera igoko dira. Mendate hori zeharkatu ondoren, Gororobel mendiguneko goi-ordokira helduko dira eta, handik, Txolope (1.027 m) eta Solaiera (1.038 m) gailurretra joango dira. Itzulera joandako bide beretik egingo dutela azaldu dute. Guztira, 8,5 kilometroko eta 730 metroko desnibela duen ibilbidea dela zehaztu dute, eta aldapa gogorrak dituen arren, erraza dela esan dute.
Horrez gainera, taldekideek irteera osoan euskara hutsean arituko direla gogorarazi dute. Izan ere, Etzandarri Mendi Taldearen helburuetako bat euskararen erabilera sustatzea da, bereziki umeen artean.