Lemoizko Udalak aurtengo Negulekuetan izena emateko epea zabaldu du

Iratxe Ugartetxea Muelas

Negulekuak 2026ko abenduaren 28tik 2027ko urtarrilaren 7ra egingo dira. © FREEPIK

Lemoizko Udalak Negulekuen edizio berri bat antolatu du aurtengo Gabonetako oporraldirako. Negulekuak 2026ko abenduaren 28tik 2027ko urtarrilaren 7ra egingo dira, Urizarko kultur gelan eta inguruetan, 9:30etik 14:00etara. Izena emateko epea hilaren 30era arte egongo da zabalik, eta eskaerak Armintzako Kultur Etxean (Portubidea kalea 15) egin beharko dira.

Udalak adierazi duenez, programaren ardatz nagusia euskara izango da, eta parte-hartzaileen adinetara egokitutako jolasak, aisialdirako proposamenak eta bestelako jarduerak eskainiko dira.

Aurtengo Negulekuak 2014 eta 2022 artean jaiotako eta Lemoizen erroldatuta dauden edo Lemoizko eskolako ikasleak diren umeei zuzenduta dago. Guztira, 20 plaza eskainiko dira, eta eskaeren kopuruak plaza kopurua gainditzen badu, zozketa egingo da. Udalak izena eman duten familia guztiei jakinaraziko die zozketaren emaitza, eta zozketaren ondorioz plazarik gabe geratzen direnei ordaindutako zenbatekoa itzuliko die.

Izena emateko, eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko da, osasun-txartela barne, eta familia ugarien kasuan edo Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) jasotzen duten familien kasuan dagokion ziurtagiria ere aurkeztu beharko da. Horrez gainera, kuota ordaindu beharko da, 60 eurokoa ohiko plazen kasuan, 40 eurokoa familia ugarien kasuan, eta 20 eurokoa DBE jasotzen duten familien kasuan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun