Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu eta beste hiru auziperatu ditu 2014ko apirilean Plentziako itsasadarrean itsasontzietako 10 motor lapurtzea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Azken hirurak atzerrian bizi dira egun, eta Lemoako hainbat enpresatan gertatutako bi lapurreta ere egotzi diete.
Motorrak iazko apirilaren 8ko goizaldean lapurtu zituzten Plentzian. Lapurrek itsasbehera baliatu zuten hamar itsasontziko karelez kanpoko motorrak eramateko. Horiek denak 100.000 euroko balioa dute.
Ertzaintzak kaltetuen salaketak jaso zituen, ingurua miatu eta ikerketa hasi zuen. Hala, hamar hilabeteko lanaren ostean, ustezko lau lapurrak identifikatu ahal izan ditu: 19, 24, 26 eta 36 urteko lau gizonezko. Garai horretan, guztiak Bizkaian bizi ziren.
Lapurretarako erabilitako bi ibilgailu ere identifikatu dituzte: furgoneta eta monobolumen bana. Furgoneta, antza, motorrak Errumaniara eraman eta merkatu beltzean saltzeko erabili zuten.
Gainera, susmagarriek Lemoan gertatutako beste bi lapurretarekin zerikusia izan dezaketela ebatzi dute. Kaltetutako enpresa batean lapurtutako laser-erreminta espezializatua berreskuratu ahal izan du Ertzaintzak, besteak beste. Erreminta hori funtsezkoa izan da ustezko lapurrak eta aipatutako beste bi lapurretak lotzeko.
Atxiloketa Getxon gertatu zen astelehenean, hilak 19, eta ustezko lapurra epailearen aurrera eraman dute.