Plentziako Udalak “ordezko” proiektu bat aurkeztu du metro geltokirako

Iker Rincon Moreno 2015ko ots. 12a, 11:49

Udalaren ustetan, metro geltokiaren ingurua egokitzeko lanak BGPren esku gelditu behar dira.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) metro geltokiaren ingurua berregituratzeko aurkeztu duen proiektuaren kontra agertu da Plentziako Udala. Bada, gobernu taldeak “ordezko” proiektu bat aurkeztu du; horretan, metro geltokiaren inguruan egin behar diren obra guztien gastuak BGPren esku gelditzea proposatu da. Izan ere, BGPren proposamenaren arabera, udal lurretan egiten diren lanak Udalak bere gain hartu beharko lituzke.

Urtarrilaren 26an egindako Udalbatzan, Udalak metroaren inguruko udal lurren erabilera dohainik lagatzea adostu zuen, “BGPk Sopelako eta Plentziako geltokiak lotzeko bus zerbitzua egokitzeko egin beharreko lanak egin ditzan”. Hala ere, proposamenean zehaztu dute lurren uzte hori bertan behera geldituko dela metro zerbitzua ohiko egoerara bueltatzen denean.

Iritzi aldaketa
EAJ abstenitu egin zen bozketan, eta deitoratu du alkateak iritziz aldatu izana. Jeltzaleen arabera, urtarrilaren  22an egindako Hirigintza batzordean, Isabel Zarauza alkateak “egin beharreko lanak BGPren eta Udalaren artean banatzea” onartzen zuen. Aldaketa hori EH Bilduren errua dela uste dute jeltzaleek. “Zalantza handiak ditugu nork agintzen duen Plentziako Udalean. Ez da lehenengo aldia alkatea EH Bilduren nahietara eta planteamenduetara makurtzen dena”, salatu du Elixabete Uribarri EAJren zinegotziak. Halaber, “are harrigarriagoa da alkateak eta zinegotzi batek proiektuaren alde bozkatu izana eta alkateordeak eta beste zinegotzi batek abstenitu izana”.
Jeltzaleek azaldu dutenez, Bizkaiko Garraio Partzuergoak zirriborro bat helarazi zion Plentziako Udalari; horretan, metro geltokiaren ingurua berregituratzeko lanak bien artean eramatea adosten zen. Hala, EAJ eta Independienteen aldeko botoakaz, lan horiek aurrera eramateko 120.000 euro bideratzea adostu zuen Udalak.

Egin beharreko lanak
Planteamenduan, Udalak aparkalekua eraberritu, hori inguratuko lukeen espaloia eraiki, argiteria hobetu eta lurzoruaren zati bat utziko zukeen lotura-autobusetarako.
Bizkaiko Garraio Partzuergoak, berriz, metro geltokia eraberritu, sarrera eta irteera alde batean jarri, espaloia handitu, sarbideak hobetu, Gurutze Gorriaren eraikin zaharra eta ondoko taberna bota, bihurgunea murriztu, zebra bidea igo eta semaforo berria jarri beharko luke, planteamendu horren arabera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun