Errotabarri futbol zelaia konponduko dutela agindu dute berriro ere

Iker Rincon Moreno 2015ko mar. 25a, 18:20

2015eko martxoaren 6ko manifestazioa.

Lau urte luze pasa dira Plentzia Kirol Elkarteak 2010eko aza­ro­an Udaleko Errotabarri futbol-ze­laian arazo larriak zeudela ohar­tarazi zuenetik. Barikuan urrats garrantzitsua eman zuten konponbidea errazteko.

2013ko bukaerara arte Udalak ez zien erantzunik eman, Isa Mari Zarauza alkate independenteak zelaia konpontzeko 245.000 euro eta lau urteko plana agindu zituen. Arazoa eta arriskuak larriagotu zituzten zundaketez gain, ez zen beste obrarik egin. Azkenean, pasa den otsailaren 18an, Udal Gobernuak aitortu zuen ez zuela lanak egiteko asmorik. Makina bat protestaren ostean eta elkarte historikoa desagertzeko arriskuan, pasa den barikuan Plentziako Udalbatzak konponketak egitea adostu zuen. Ezohiko bilkuran, independenteek, EAJk eta EH Bilduk Errotabarriko obraz arduratuko den batzorde teknikoa eratzea erabaki zuten, aho batez. Udaleko proiektu zirriborroaren arabera, belar artifizialaren azpiko harea kenduko lukete. Ostean, lur guztia material isolagarriz berdindu eta belar berria finkatzeko sarea ipiniko lukete. Arketak, sarbideak eta harmaila ere moldatu beharko lirateke. Halere, teknikariek behin betiko plana dutenean, Itsasertzetako Zuzendaritza Nagusiak baimendu beharko luke. Hala bada, Udalak izapideak egin eta baliteke lanak “uda barruan” hastea. Halere, 250.000 euroko inbertsioa nondik irtengo den ez da adostu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun