Plentzian jokatzeko deialdi orokorra egin du Kirol Elkarteak

Iker Rincon Moreno 2015ko mai. 19a, 13:30

Plentzia Kirol Elkarteko hainbat jokalari Errotabarri futbol zelai konpon zezaten egindako manifestazioan.

Plentzia Kirola Elkarteak datorren denboraldirako izen emate kanpaina abiatu du, futbolean jokatu gura duten neska-mutilek izena eman dezaten. Ekimena haur eta gazteei zuzenduta dago , 1997 eta 2010 urteren bitartean jaiotakoak, biak barne.

Interesatuek Errotabarri futbol zelaian bere burua aurkeztu beharko dute, kirol arropa jantzita eta gurasoek lagunduta, honako egunotan:

  • 1997tik 1999ra bitartean jaiotakoak, maiatzaren 21ean, eguena, 18:30ean.
  • 2000 eta 2001ekoak, maiatzaren 25ean, astelehena, 18:00etan.
  • 2002 eta 2003koak, maiatzaren 19an, martitzena, 17:30etan.
  • 2006 eta 2007koak maiatzaren 26an, martitzena, 17:30ean.
  • 2008tik 2010era bitartean jaiotakoak, maiatzaren 20an, eguaztena, 17:30ean.

Bertan, fitxa bete ahal izango dute. Beste urtetakoek zein aurreko egunetan agertzerik ezinezkoa dutenek izen-emate orria beste egunen batean hartu eta beste ahal izango dute. Horretarako aukera izango da Plentziako futbol zelaiko tabernan, bulegoan edo postontzian.

Urteak pasa ahala, Plentziako klubak bere fa­milia ugaritu du. Gaur egun ia 300 jokalari dituzten 15 taldeko erakundea da, eta, horri esker, mutilek jarraipena ziurtatuta daukate. Nesken taldeetan hutsune franko den arren, “datorren denboraldirako talde berri bat edo beste espero” dute. Izan ere, Plentzia da klub bakarra inguruan emakumezkoen futbola sustatzen du­ena. Horretaz gainera, ez dute mutilen talde gehiago sortzea baztertzen. Lehentasuna “bai neska-mutilen eta bai gurasoen konfiantza ziurtatzera eraman gaituen filosofia berbera” jarraitzea izango dute: kirolaren bidez heztea, talde harremanak sendotzea eta ardurak hartzen ohitzea, ondo pasatzen den bitartean. Klubak ohiko lehiaketez gainera Bizkaia mailan oso ezagunak diren bi futbol txapelketa antolatzen ditu.

Klubak argibideei erantzungo die 946 771 207 telefonoan zein sdplentzia@gmail.com posta elektronikoan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun