Udal hauteskundeak 2015

Bere alkategaia babestuko du bihar Plentziako EH Bilduk

Iker Rincon Moreno 2015ko eka. 12a, 17:45

Crestelo bozkatzen, maiatzaren 24ko udal eta fortu hauteskundeetan.

Udal Gobernu berriaren eraketari begira, beste alderdi politikoakaz akordioetara heltzea baztertu egin du Plentziako EH Bilduk. Hala, koalizio ezkertiarrak bere alkategaiari, David Crestelori, emango dio bozka bihar, "Plentziako EH Bilduk dauzkan ideiak defendatuko dituen hautagai bakarra" bera dela ulertzen dutelako. Gauzak horrela, Plentziako Independenteen zinegotzi biek erabaki lezakete aginte makina Elixabete Uribarrirena (EAJ) edo David Crestelorena (EH Bildu) izango den. Jeltzaleek irabazi zituzten maiatzaren 24ko udal hauteskundeak bost zinegotzi eskuratuz. Lau zinegotzi lortu zituen koalizio soberanistak. Independenteek ez dute argitu bihar ze jarrera edukiko duten.

Azken 4 urteetan zehar, "akordioetara heltzeko, negoziatzeko eta elkar ulertzeko gai" direla erakutsi dutela diote Plentziako EH Bildukoek: "hori dena egiten jarraitu gura dugu gure programa arriskuan jar dezaketen akordioetan sartu barik". Hori betez gero, gai ezberdinetan alderdi politiko ezberdinekin akordioetara heltzeko "konpromisoa sendoa" daukatela gaineratu dute, euren ustetan, "Udalak plentziarren beharrei erantzun egokia eman behar duelako".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun