Udal hauteskundeak 2015

Eskualdeko gainontzeko udaletan ez bezala, EH Bilduk aginduko du Plentzian

Iker Rincon Moreno 2015ko eka. 13a, 18:30

Zortzi urtez alkate izandako Isamari Zarauza independentearen eskutik jaso du aginte-makila David Crestelok.

Zortzi urtez Plentziako alkatea izandako Isamari Zarauza independentearen eskutik jaso du aginte-makila gaur eguerdian David Crestelo EH Bilduren hautagaiak. Koalizio abertzaleak (4 zinegotzi) eta Plentziako Independenteek (2 zinegotzi) sei boto batu dituzte, EAJk maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan lortutako bost zinegotzien botoen kontra. Jelkideak haserre agertu dira gertatutakoagaz: "alderdi bozkatuena izan ginen eta alkatetza gure hartzea zegokiola uste genuen", adierazi du Elixabete Uribarri EAJren ordezkariak. "Hala ere, zenbakiak zenbaki dira eta egoera onartu behar dugu", gaineratu du. Eguerdiko 12:00etan egin dute udalbatza berria eratzeko osoko bilkura.

Joan aurretik mandatua utzi dio Isamari Zarauzak David Crestelori: "Orain ahaztu EH Bildukoa zarela eta plentziar denentzat goberna ezazu". Hala, alkate berriak "arduraz eta ohore handiz" jaso du aginte-makila: "11 zinegotzi gara eta herritar denentzat lan egingo dugu". "Zintzotasun osoz zin egiten dizuet ez dugula inor bidean utziko", gaineratu du Crestelok.

Bere aldetik, hartutako erabakia azaldu dute Plentziako Independenteek. EAJ eta EH Bildugaz batu ostean, azken horiei babesa ematea erabaki zuten, "elkarrengandik hurbilago" daudela uste dutelako eta "joan den agintaldian gauzatutako lan dinamikagatik". Hala ere, ez dute abertzaleakaz gobernu koalizioa osatuko, "aurrerago hartu beharreko erabakiak baldintzatuko lituzkeelako".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun