Plentziako EAJk hauteskundeen eta alderdi politikoen arteko negoziaketak baloratu ditu

Iker Rincon Moreno 2015ko eka. 18a, 16:50

Zortzi urtez Plentziako alkatea izandako Isamari Zarauza independentearen eskutik jaso zuen aginte-makila joan den zapatuan David Crestelo EH Bilduren hautagaiak. Koalizio abertzaleak (4 zinegotzi) eta Plentziako Independenteek (2 zinegotzi) sei boto batu zituzten, EAJk maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan lortutako bost zinegotzien botoen kontra. Horren aurrean, independienteek Plentzian "haserrea eta gizarte apurketa" eragin duela salatu dute jeltzaleek, besteak beste.

Plentziako EAJren balorazioa hauteskundeen emaitzen eta alderdi politikoen artean eman diren negoziaketen aurrean:

1.- 2015eko maiatzaren 24an, Plentziako EAJ-PNVk udal hauteskundeak irabazi zituen. 968 bozka jaso zituen eta gehiengo absoluturako boto bakarra falta izan zitzaion: 5 zinegotzi lortu zituen, 2011 urtean baino bat gehiago. EH Bildu bigarren taldea izan zen: 646 boto eta 4 zinegotzi lortu zituen, 2011 urtean baino bat gehiago. Talde independentea izan zen hauteskundeetako galtzaile argia: 483 bozka jaso zituen (2011 urtean baino 372 gutxiago) eta 4 zinegotzitik 2 baino ez zituen lortu.

2.- EAJ-PNVk, boto gehien jaso zituen indar politikoa izan delarik, negoziaketa prozesua hasi zuen talde politiko biekin, eta EH Bilduri eta Plentziako Talde Independenteari (I.P.) gauza berbera eskaini zien: gobernu egitasmoa adostea, Plentzia herriak gobernu egonkorra izan zezan.

3.- 2015eko ekainaren 13an, Udala osatzeko Osoko Bilkuran, I.P. taldeak botoa eman zion EH Bilduko zerrenda buruari, eta alkatetza talde politiko horri eman zion.

4.- Macias andreak, I.P. taldeko bozeramaileak EH Bilduri emaniko botoa arrazoitzeko orduan zera esan zuen “antzekotasun handiagoa egon da talde bion hauteskunde egitasmoen artean”.

Argi eta garbi esan behar dugu EAJ-PNV eta I.P. taldearen artean, ekainaren 5ean izan genuen bigarren batzarrean, Keltse Macias zerrenda-buruak esan zigula berari ez zitzaiola hauteskunde egitasmoak kontrastatzea interesatzen, taldearen agindua baitzen EAJ-PNVk zer eskaintzen zien jakitea. Bai, Macias andreak bere hauteskunde egitasmoa EAJ-PNVren egitasmoarekin kontrastatzeari uko egin bazion, nola liteke EH Bilduren egitasmoarekin antzekotasun handiagoak antzematea, EAJ-PNVrena ikusi ez badu?

5.- I.P. taldeak, alderdi bion hauteskunde egitasmoak aztertzeari eta kontrastatzeari uko egin izanak argi erakusten du talde independenteak Plentziaren alde lan egiteko duen asmo hori bere bi zinegotziak udal gobernu batean zer ardura izango zuten jakitera mugatzen dela.

6.- EAJ-PNVk, negoziaketa prozesuarekin jarraituz, 2015eko ekainaren 7an honako eskaintza egin zion I.P. taldeari: hiru arlo kudeatzea; legerian ezarritakoaren arabera eta udal teknikarien irizpidearekin ados, Gobernu Batzordean zinegotzi biak sartzea; eta ekainaren 13an Udal osatzeko bilkurara begira I.P.ren bi zinegotzien botoa Elixabete Uribarri EAJ-PNVren hautagaiarentzat eskatzea.

7.- Macias andreak hitza eman zuen EAJ-PNVri erantzun azkarra emango ziola idatziz eta ahoz. Erantzun hori ekainaren 11n heldu zen honako idatzi laburraren bidez:” Honen bidez eta emandako hitza betez, jakinarazten dizuegu Plentziako Independenteen batzarrak erabaki duela alderdi politikoekin gobernu itunik ez izenpetzea”

8.- Argi eta garbi esan nahi dugu I.P. taldeak ez duela esana bete, EAJ-PNVri ez diola erantzuna aurpegian azaldu eta, gainera, ez duela idatzi horretan esandakoa bete.

9.- Era berean gogoratu behar dugu 2007an eta 2011n, EAJ-PNVk boto gehien jaso zituen zerrenda errespetatu zuela eta I.P. taldeak gobernatzea ahalbidetu zuela. 2007 urtean I.P.k hauteskundeak irabazi zituen 8 botoko aldearekin eta EAJ-PNVk zerrendarik bozkatuena errespetatu zuen. 2011 urtean, I.P. taldeak hauteskundeak 6 botoko aldearekin irabazi zituen eta EAJ-PNVk zerrenda bozkatuena errespetatu zuen.

Orain, 2015 urtean, EAJ-PNVk hauteskundeak irabazi dituen arren, I.P. taldeak baino 485 boto gehiago lortu dituen arren, talde independenteak EH Bilduri eman dio alkatetza.

10.- Argi eta garbi ikusi dugu EH Bilduren aldeko botoa emanez, I.P. taldeak Plentzian haserrea eta gizarte apurketa eragin duela. Hori da I.P. taldeak “ Plentziaren alde “ lan egiteko duen era.

11.- Macias andreak Udala Osatzeko bilkuran EH Bilduren alde bozkatzeko eman zuen bigarren arrazoiari dagokionez, hori izan zen “ legegintzaldi honetan islatuta geratu den lan dinamika”. Esan egin behar dugu adierazpen hori egia dela, I.P. eta EH Bilduk bi urte daramatzate Plentziaren desgobernuan. Talde bien arteko kudeaketak eragin du herria dagoen moduan egotea.

13.- Edozein kasutan, Plentziako EAJ-PNVren udal taldeak maiatzaren 24ko hauteskundeetan konfiantza eman zioten 968 pertsonei adierazi nahi die bere esker onik beroena eta berriro ere adierazi nahi die Plentzia herriaren alde lan egiteko konpromisoa inoiz baino irmoago dagoela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun