Jardunaldien inaugurazio-ekitaldian egongo dira David Crestelo Plentziako alkatea, Zutoia Azurmendi zinegotzia, Rosa Miren Pagola Eusko Ikaskuntzako Bizkaiko lehendakariordea eta Gonzalo Duo jardunaldien koordinatzailea. Lehenengo saioa hilaren 7an izango da, martitzena, arrastiko 07:00etan. Identitas Historia Corporativaren kide Susana Chavarriren agerraldiagaz hasiko dira saio akademikoak; Barrikako aterpearen eta Elorduy Fundazioaren inguruan egingo du berba. Jarraian, Oceantec Energias Marinasen kide Martin Ojangurenek jardungo du: Zabalerrotaren iragana eta etorkizuna izango ditu berbagai, eta ikuspegi energetiko batetik helduko dio gaiari.
Hurrengo egunean, hilaren 8an, EHUko irakasle Xabier Lamikizek eskainiko du berbaldia, XVIII. mendeko gudetan ingeles tropek harrapatutako zenbait kapitan plentziarren gainean. Javier Garcia Borreguero Plentziako Museoko langilearen ahotik egingo da, berriz, Plentziako eta Uribe Kostako jardunaldien itxiera, Plentziako portuko ontzi tradizionalen katalogazioaren inguruan. Goñi Portal kultur etxean izango dira saio denak, arrastiz, eta «sarrera irekia» izango dute.