25. urteurrena
Zilarrezko urtemuga izan arren, urrezko aroan dago Plentziako piraguisten elkartea: 90 bazkide dira, eta haietatik 40 bat lehiatzen dira. Andoni Intxaurtieta Ibañez presidenteak harro adierazi du: “gutxi, baina onak gara”. Izan ere, podiumean sartzea lortzen dute parte hartzen duten estropadetan. Gipuzkoako talde handiakaz ere lehiatzen dira, eta lehenengo taldea dira Bizkaian, “bai ibaietan, bai itsasoan”, dio plentziarrak. Euskadiko eskola-txapelketa ere irabazi dute, “erraz”, Intxaurtietak gaineratu duenez. 24 kirolari gaztetxo dira taldearen etorkizuna: “pasatu ditugun gorabeherak kontuan hartuta, oso pozik gaude. 9 edo 10 ume izaten genituen; azken urteotan, 20tik gora ditugu”. Taldearen jarraipena ez ezik, talde parekideagoa ere berma dezakete gaztetxoek: “Gero eta emakume gehiago dago klubean; batez ere 24 txikien artean. Erdia baino gehiago neskak dira”, dio Intxaurtietak.
Klubaren historia 1990ean hasi zen, Itsasadarrean piraguismoa garatu gura zuten hainbat gurasoren ekimenez. Udalak eta Aldundiak zenbait piragua eman zieten, baita etxola bat utzi ere Errotabarrin, gaur egungo futbol-zelaian. “1998an edo 1999an, ordea, Udalak oraingo lokala utzi zigun, hondartzakoa”. Leku aldaketaren garaian, desadostasunak sortu ziren klubeko bazkideen artean, eta guraso batzuek Barrikako taldea sortu zuten.