Eskarmentu handiko arrauna, gaur Plentzian

Iker Rincon Moreno 2015ko uzt. 25a, 09:15

Beteranoak Batera elkarteko arraunlariak biharko bandera prestatzen.

Munduko ligarik onena helduko da gaur Plentziara. Hala dio Arkote Beteranoak Batera elkarteko Joseba Bilbaok. ABE Ligaren 8. proba puntuagarria izango da. Karmen­go Amaren omenez, Plentziako beteranoen estropa­daren bandera jokatuko da goizeko 11:30ean, bertako portuan hasita. Aurretik, Plentziako Itsasadarraren XXV. Igoera eta Jaitsierako piraguismo-proba egingo dute.

Parte hartuko duten 10 traineru­ek 3.500 metro egin beharko dituzte. Ondoren, hamaiketakoa izango dute, zaleakaz batera. Plentziakoa ez da Arraunlari Beteranoen Elkarteko aurtengo Ligak Uribe Kostan jokatuko duen estropada bakarra. Abuztuaren 15ean, Portu Zaharrera hurbilduko da; abuztuaren 29an, Erandiora; eta lehiaketaren amaiera ere, Armintzan izango da, irailaren 19an. Halere, azken estropada horietan edozein puntu erabakigarri izan daiteke. Gaur egun, Batera traineru plentziarrak dauka ligaren lidergoa, 57 puntugaz, baina estu jarraitzen dio Zierbenako eskifaiak, orain arteko 7 estropadetan 55 puntu metatu baitituzte. Hiru ohiko faboritoetako hirugarrena, Getxo, taularen erdian dago, bosgarren postuan, 38 puntugaz. ABE Ligako 10 traineruen artean, aipatutako biez gainera, Uribe Kostako beste bat dago: Lutxana, Deustugaz taldea osatuta.

Joseba Bilbaok umil dio: "hoberenak irabaz dezala", Plentziako estropadaren zein Ligaren gainean berba eginda. Halere, ez ditu ezkutatu Baterak Liga laugarren aldiz irabazteko duen gogoa: "2015a guretzat urte garrantzitsua da, kirol zein kultur elkarte gisa; sendotze urtea. Kirol-mailan izan dugun hobekuntza kontuan hartuta, erronka handiak izango ditugu: Munduko ligarik onenaren laugarren entorchado-a irabaztea...". 2007an, 2008an eta 2010ean irabazi zuen Arkotek. Jorge Madariaga gorliztarra zuhurragoa da, eta ez du garaipenaz berba egin, baina, badaezpada, ondo atontzen du zapatuan estropadaren garaileek jasoko duten bandera. Arraunlaria izateaz gainera, Bateratxu maskotaren egilea ere da Madariaga.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun