Horren ostean, poteoa hasiko dute herrian zehar, lau ibilbidetan banatuta. Ibilbide horietako bakoitzean, bost talde inguru egongo dira, eta tabernaz taberna doazen bitartean, txapelketaren lehenengo zatia jokatuko dute. Kontuak kontu, aldez aurretik prestatutako bertsoak kantatuko dituzte bertsolariek. Hala, parte hartzen duten taldeek, txandaka, berbaz berba eta letraz letra asmatu beharko dute bertsoan kontatzen den egoeragaz lotutako esaera zaharra zein den, lehiaketako zerrendan dauden hirurogeiren artean. Puntu gehien bilduko dituzten taldeek finala jokatuko dute.
Goizeko zati hori amaitzen dutenean, gura dutenek Danontzat gaztetxera hurreratuko dira bazkalostean txapelketaren bigarren zatiari ekiteko: final aurrekoa eta finala jokatzeko, hain zuzen ere. Han, bertsolariek bat-bateko bertsoak kantatuko dituzte, eta aurreko zatian legez, esaera zaharra zein den igarri beharko dute taldeek. Finalean puntu gehien lortzen dituen taldeak txapelketa irabaziko du.