Kirol lehia 15:00etan abiatuko da, metro-geltokiaren ondoko zubitik. Han izango dira Uribe Kostako arraun-surflariak ere: Alazne Aurrekoetxea sopeloztarra, sailkapen orokorreko burua; Aure Medina, zuzendari teknikoa eta sailkapeneko bigarrena; eta Natxo Riera surflari algortarra.
Hiru kategoria izango dira Plentziako itsadarrean: herri-estropada, 5 kilometrokoa; gazteen estropada, neurri berekoa, 7 urtetik gorakoentzat; eta 12 kilometroko estropada profesionala. Azken modalitate horretan, maila bi izango dira. Alde batetik, emakumezkoek eta gizonezkoek izango dute 12 oin eta 6 hazbeteko taulak erabiliz lehiatzeko aukera. Beste aldetik, gizonezkoen proba izango da, 14 oineko taulakaz. Ibilbide luzean, zubitik Butroeraino egin beharko dute, buelta eman, eta zubira itzuli. Sariak 18:30ean banatuko dituzte.
Ongizatearen jardunaldia
Euskal SUP zirkuituaren finala baliatuz, Goazen UP elkarteak SUP eta ongizatearen jardunaldia antolatu ditu. Besteak beste, tailerrak, esprintak, jokoak, eta SUP-yoga hastapen ikastaroak izango dira goizeko 11:30etik aurrera. Izena emateko, umeek 10 euro ordaindu beharko dituzte, eta helduek, 20 euro. SUP egiteko aulki egokitua erosteko baliatuko da diru dena.