Estreinaldia, Urdulizko Iparralde futbol-zelaian jokatu zuten. Bertako Udalak eta Gorlizkoak emandako babesagatik eskertuta dago Gorka Zuazo Plentziako presidentea. Hala ere, Errotabarrin entrenamenduak besterik ezin egitea arazoa da berarentzat: "ezin dugu erbestean luzaroan jarraitu". Zuazok espero du Errotabarri zaharberritzeko lanak ahalik eta lasterren abiatzea. Udan egitekoak ziren, baina ezinezko bihurtu zen.
Jose Luis Gomez Kirol zinegotzi delegatuaren arabera, pasa den irailaren 15ean alkatea Euskadiko Kosta Demarkazioko buruagaz bildu zen, Errotabarriko eremuko kirol-instalazioak legeztatzeko bidean pausoak emateko. Udalak, Aldundiak eta Jaurlaritzak euren lanak eginda, Espainiako Ingurumen Ministerioaren baimenaren zain daude. Ordura arte, Plentziako Udalak ezin izango du ezelako obrarik egin bertan. Horregatik, bilera eskatu dio Plentziako Udalak Ministerioari.