Batera: "Urteotako ahaleginak saria izan du azkenean"

Iker Rincon Moreno 2015ko urr. 2a, 19:28

Baterako beternaoek Armintzan ospatu zuten ABE Ligaren garaipena. © BATERA

Arkote arraun-taldeko beteranoek ABE Liga eta sei bandera irabazi dituzte aurten; azken garaipenetik bost urte pasa ostean. Plentziako Batera traineruaren eskifaia 25 arraunlari beteranok osatzen dute. Borja Amundarain Itxis entrenatzaileak eman digu horien berri.

Bost urte pasa dira, azken Liga irabazi zenutenetik. Zelan lortu duzue?

Azkena 2010ekoa izan zen, bai. Jende berria sartu da talde­an, eta haietako askok arraunean ez zekien arren, entrenatuz eta behar teknikoa eginez ikasi dute. Azken urteotako handicapa hori izan da. Arrauna bezalako kirol tekniko batean, hasieran eragozpen bihurtzen da hori. Baina zortea izan dugu, eta jende sendoa etorri da, traineruak aurrera egiteko wattak ere beharrezkoak baitira. Gainera, nahiko ondo ikasi dute arraunean. Hor egon da koska: sartu den jendea sendoa izan, eta ontziari potentzia eman izana. Horrez gainera, aurten behar handia egin dugu maila fisiko zein teknikoan. Prestaketan ere, koxka bat gorago egin dugu.

Beteranoek eta arraunlari profesionalek duten prestaketa antzekoa da?

Bai, baina beteranoen entrenamenduak egun gutxiago eta intentsitate txikiagoa ditu. Arraunlari batek astean sei egunetan egin dezake lan. Guk, dugun adina izanda, martxora arte egun bat egiten dugu arraunean, eta martxotik aurrera, hiru. Bestalde, prestaketa orokorra ere egiten du bakoitzak bere aldetik: pisuak altxatu, korrika egin, ergometroan jardun, eta abar. Azkenean, intentsitateakaz gabiltza. Horrek taupadak markatzen dizkizu. Normalean, %80an egin beharko genuke behar: niretzat, 170 taupada izan daitezke, baina senior batentzat, 200 izan ohi dira. Gainera, gure entrenamenduak lasaiagoak dira.

Zelan zuen beteranorik beteranoena?

Aurten gutxi egin du arraun, arazoak izan dituelako, baina entrenamenduetan ibili da, eta 71 urte izan arren, mutiko bat legez dabil, gogotsu.

Zer sentitu zenuten liga irabaztean?

Ilusio handia. Talde lehiakorra geneukanez, hasieran geure buruari banderak irabazteko eta ligan borrokatzeko helburuak jarri genizkion. Baina zaila da, bost urte egon gara hori lortzeko. Maila altua da. Denboraldia ondo hasi genuen, irabazten, eta lehenengo postuan izan gara liga osoan. Halere, beldur izan gara, edozein unetan huts egin genezakeelako. Azkenean, oso pozik egon gara zuzendaritzakoak, teknikariak eta arraunlariak, urteotako ahaleginak saria izan duelako.

Irabazteaz gainera, liga mendean izan duzue, 12 banderatik 6 etxera ekarrita, ezta?

Ez da hainbesterako! Bigarrenari bederatzi puntu atera dizkiogu. Nahikoa da, baina arraunean hainbat faktorek eragiten du, tartean zorteak. Estropadaren batean baliza sartu zaigu, denbora-zigorra jarri digute, eta abar, baina beste klubei ere gertatu zaien legez. Batzuetan, estropada irabaztear egotetik laugarren geratzera pasa zaitezke. Bigarrena, puntu bira ere izan dugu. Abantaila izan dugu, baina mendean izan dugula lar esatea dela uste dut.

Zelan ospatu zenuten garaipena?

Armintzako azken estropadaren egunean bertan ospatu genuen. Urtero egiten da han klub denen arteko bazkaria, eta ligaren eta estropadaren sariak banatzen dira. Taldekide gehienak batu ginen, eta jaia egin genuen, ospatzeko. Orain, denboraldi amaierako bazkari bat egingo dugu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun