Argazki-erakustaldiagaz zabalduko dute astebeteko jardunaldien egitaraua. Gure inguruan hazten diren perretxiko eta onddoen irudiak Goñi Portalean bertan ikusi ahal izango dira. Hilaren 27an, martitzena, berriz, sukaldari batek udazkeneko basoko fruitu horiekaz jaki itzelak zelan presta daitezkeen ezagutarazteko berbaldia emango du. Ekitaldi gastronomiko hori Goñi Portalean izango da, arrastiko 07:00etan.
Azaroaren 1ean, ostera, egun handia izango dute zaleek. Goiz osoan, perretxikozaleek Plentziako Astillero plaza hartuko dute XXXV. Perretxiko Erakusketa egiteko, 11:00etatik 14:00etara. Bertaratutakoek basoen jaki ederrenak ezagutu ahal izango dituzte, berbarako: onddo beltza, onddo zuria, belardi-ezkoa, urril-ziza, ziza hankaurdina, errotaria, esnegorria, gibelurdina, kuletoa, galanperna eta zizahoria. Horren ondoren, 12:00etan, 14 urtera arteko umeentzako lehiaketa egingo dute; horretan, neska-mutilek onddoak klasifikatu beharko dituzte. Jarraian, adituek jasotako hainbat perretxiko-motagaz egindako pintxoak dastatzeko saioa ere egingo dute, bertaratutakoek onddo baten zein bestearen arteko desberdintasunak dastatu eta igarri ahal izateko. Azkenik, perretxikorik onena bildu duenari saria emango diote. Sariaren izendapen horregaz, amaiera emango diote Plentziako XVIII. Perretxiko Asteari.