EMBRCren helburua da Europako itsaso guztietako ekosistemetarako sarbide bakarra izatea, hau da: "edozein ikertzailek eskura izatea, alde batetik, bere ikerlana egiteko behar dituen itsas baliabide biologikoak eta, bestetik, biologia molekularraren eta genomikoaren arloko 'know-how' guztia, modu iraunkorrean ustiatu ahal izan ditzan", adierazi du Ibon Canciok, EHUko Zelulen Biologia arloko irakasle atxikiak eta PiE-EHUk azpiegitura horregaz bat egiteko arduradunak. Azken batean, EMBRCk erreferente izan gura du bioteknologia urdinaren aurrerapenetan oinarritutako itsas-ekonomia garatzeko.
EMBRC Europako Batzordeak Europako Batasunean kalitateko ikerkuntza jorratzeko sustatu dituen azpiegitura handietako bat da. Osasunaren eta elikaduraren arloan dago, eta denera hamahiru ikerketa azpiegitura handi biltzen ditu.
EMBRC eratzeko aurreneko lanak 2008an hasi ziren, Europako Batzordeak egitasmo hori bere bide orrira gehitu ostean. 2011n, EMBRCren sustatzaileek lehen proiektuari ekin zioten, eta, 2014rako, herrialde partaide denek sinatua zuten azpiegitura legez osatzeko adostasun memorandum bat. Azaroaren erdialdera, etorkizuneko ERIC horren estatutuak eta aurrekontua onetsi zituzten; Espainiako nodoaren kasuan, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Galiziako Xuntak diruz laguntzen dute. Zentroa behin betiko eratzeko, Frantziak proiektua Europako Batzordean aurkeztea baino ez da gelditzen (EMBRCren egoitza nagusia Parisen dago); 2017an aurkeztea espero da.
Plentziako Itsas Estazioa
Plentziako Itsas Estazioa (PIE) EHUren goi mailako ikerketa eta irakaskuntza zentro bat da. Plentziako sendategi zaharrean dago, eta hala itsas-ingurumenaren osasuna nola itsas-ingurumenak giza osasunean duen eragina ditu aztergai. Zehazki, itsas-ekosistemen osasunagaz, ingurumen alterazioek giza osasunean dituzten eraginakaz eta itsasoko biobaliabideakaz loturiko ikerkuntza eta prestakuntza sustatzen ditu.
Bi master ematen dira Itsas Estazioan: European MSc in Marine Environment & Resources (MER), EHUk eta Bordeleko, Southamptoneko eta Liejako unibertsitateen eskutik, eta Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia masterra. Bestalde, doktorego programak ere egiten dira. Hogei bat zientzialarik eta hogeita hamar doktoregai inguruk lan egiten dute zentroan.