Kirol profesionala uztea baloratzen dabil Elaia Torrontegi

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 12a, 11:55

Elaia Torrontegi taekwondolari plentziarra. © Euskadiko Taekwondo Federazioa

Elaia Torrontegi Ronco taekwondolari plentziarra ez da Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan izango. Iraileko Brasilgo hitzordutik kanpo geratu da gaztea azken urtean arazo fisiko franko izan ostean. Eskumako hankaren abduktorean duen lesioak sasoitik kanpo utzi du eta Olinpiar Jokoen parte-hartzaileak erabakiko dituen Turkiako lehiaketan ez da sartu, aurreko txapelketa eta sariketan behar beste puntu ez duelako batu. Kontuak hala, lehiaketa-kirolari amaiera ematea hausnartzen dabil Torrontegi, bi hamarkadatan jardun ostean.

"Azken hilabetak oso gogorrak izan dira, erlojuaren aurkako lasterketan sartuta ikusi dut nire burua, eta irabazteko aukera oso gutxi nituen. Lesioak atsedena behar zuen baina ezin nuen hartu eta horrek aldi berean ez dit utzi baldintza egokietan lehiatzen. Nekatuta bukatu dut, fisikoki zein mentalki eta 35 urte betetzear nago. Badakit agur esateko unea gero eta gertuago dagoela", aitortu du Elaia Torrontegik.

Egoera horretan taekwondolariak erabaki gura du ibilbide oparoa zelan amaitu: "elite-kirolari guztioi legez goi-mailan lehiatzen gurago nuke agur esatea eta Europako Txapelketa amaiera bikaina izan liteke". Halere, arazo fisikoek baldintza ditzakete Torrontegiren asmoak. Izan ere, plentziarra hiru hilabete daroatza entrenatu ezinik. Europako Txapelketa maiatzean jokatuko da Suitzan, baina bertara heltzeko hainbat sariketen puntuak beharko ditu aurretik. Lehenengo hitzordua otsailaren 20ko Espainiako Txapelketa izango da eta plentziarra uzkur dabil: "oraindino ez naiz abduktorearen lesioaz osatu eta zaila izango da garaiz heltzea".

Hortaz, aste hau erabakigarria izango da taekwondolariarentzat, azterketa mediko berria pasatuko baitu eta, onerako zein txarrerako, bere etorkizun hurbila finka dezake. Emaitzak txarrak izatekotan Torrontegik gura baino lehen, atoan, ipiniko lioke amaiera ibilbide profesional arrakastatsuari. Kasurik onenean, maiatzean Suitzan paper ona egiten ahaleginduko litzateke.

Besteak beste, honako garaipenak lortu ditu Elaia Torrontegik 20 urteko lehian: Munduko Unibertsitate-txapelketa; Europako Txapelketako zilarra birritan; Espainiako Txapelketa, zazpitan; eta Londresko Olinpiar Jokoetan parte hartu izana.

Atzera begira, Torrontegi ez da damutzen egindako kirol-bidaiaz: "13 urtegaz lehiatzen hasi nintzenean ez nuen amesten izan ditudan lorpenakaz, horrek gogobetetzen nau. Argi dagoenez, orain azken arazoen oroipen samina geratu zait, eta horregatik tatamitik gurago nuke agur esatea. Posible ez bada berdin onartu beharko dut, jakinda denboragaz kirol honek eman didan dena besterik ez dela geratuko".

Bitartean, esker-hitzak baino ez ditu azken hamarkada bitan lagundu duten denentzat eta bereziki, sendiarentzat, Plentziako Udalarentzat, Basque Team Fundazioarentzat eta Bilbao gimnasia-klubarentzat. Halere, lehia-kiroia abandonatu arren ez du taekwondoa alde batera utziko: "taekwondoa nire bizitza da eta, era batez ala bestez, beragaz lotuta jarraituko dut" azaldu du Elaia Torrontegik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun