Erakusketa Bilboko Euskal Museoak eta BBK fundazioak ekoiztu eta atondu egin zuten iaz. Horretarako oinarritzat hartu zuten 2001. urtean Diazek sortu zuena, urte hartan Bilbon antolatu zen “Emakumea eta kirola” goiburupeko biltzarraren eraginez.
Bilboko Euskal Museoak honakoakaz osatu zituen Diazen argazki-dokumentu horiek: alde batetik, protagonistek eskuzabaltasunez lagatako joko-tresna eta uniformeakaz, eta, bestetik, bi kirolari bizkaitar handiri (Camila Bravo atleta eta Inge Anduiza igerilaria) egindako elkarrizketak jasotzen dituen ikus-entzunezkoaren proiekzioagaz. Azken hori "Altxorra. Tesoros Vivos" proiektuan izan zuten parte-hartzearen ondorioa da; proiektua BizkaiLaben ekimena da, Bizkaiko Foru Aldundiagaz eta Deustuko Unibertsitateagaz elkarlanean garatutakoa.
Hainbat hamarkada atzera
Gaur egun, ohikoa da emakumeak kirol munduan presentzia izaten, bai arlo profesionalean zein errendimendu handiko kirolari dagokionez, bai gimnasioetan, kaleetan edo ikastetxeetan, modu ludikoagoan egiten den kirolari dagokionez. Azken urteotan, kirola gizonen zein emakumeen osasunagaz eta ongizateagaz ere erlazionatzen da. Hala ere, duela berrogei urte, kirolak ez zuen emakumea gizonaren pareko gisa onartzen. Erakusketa garai horretan kokatzen da.
Diazen arabera, kirol-jardueren erretratua egin du 1975era arte, gutxi gora-behera. “Hau da, nahiko aspaldikoa eta urrunekoa da”. Distantzia horrek bermatzen ei du “emakumezkoek egindako kirola lasai-lasai baloratu ahal izatea, nahiz eta emakumeari onartzen zitzaion kirola baino ez izan, beharbada”.
Argazkilariaren iritziz, “gizartean, emakumeek gogor baino gogorrago lan eginda lortu dute karguren bat hemen eta plazaren bat han. Gizarte hori kritikatu barik, baina denak ezagutu eta errepikatzen ditugun alderdiei uko egin barik ere, erakusketa honek iraganaren isla gozoa izan gura du, topaleku atsegina oroitzapenak isiotzeko”.
Obra hori “emakumea-kirola bikotearen aspaldiko funtzionamendua ezagutarazteko aukera ere izan gura du, benetakoa den baina gutxitan kontatu izan den historia berriro topatzeko aukera”, Diazen aburuz. Erakusketa osatzeko, argazkilariak Bizkaia ipini du eremu gisa, aitortu duenez: “hori guztiori Bizkaian bertan edo Bizkaiagaz”, Bizkaitik kanpo baina lurraldea ordezkatuz, “bikote hori bultzatu edo kirola eginez protagonista izan zirenen ausardia txalotzeko asmoz”.
Falangeren kirola
Hortaz, Plentziako udaletxean erreparatu ahal izango dira, berbarako, honako irudiak: eskolarteko txapelketak, Falangeren Emakumeen Sekzioak sustatutako gimnasia-erakustaldiak, Kantauriko Jokoak, Espainiako Txapelketak, ikastetxeetako patio edo herriko plazetako kirol-jolasak, Europako Ikastetxe Katolikoen Nazioarteko Konfederazioaren (FISEC) Jokoetatik bueltakoak…
Kirolaren aitzindari izandako emakumeen erretratuetan denetarik dago: bizitzaren funtsa aurkitzear zeuden neskatilak; txapela jantzita zuten hockeyko jokalariak: jantzi dotoreak soinean eta jakaren poltsikoan zapia daroaten epaileen erretratuak; emakume polifazetikoak, Belausteguigoitia adibidez; oro har emakumeak tenisean, igerian, tranpolinetik jauzi egiten, uretako ballet saioetan irudiak eginez, zaldi gainean, eta abar luze bat.
“Nolabaiteko glamour lokala” bilatu zuten Euskal Museoko kideek erakusketa iaz zaharberritzean: “gogoeta erraztu eta urteei hautsa kendu”, gazte belaunaldientzat “ulergarri” izan dadin. Azaldu dutenez, “ez da laginketa eskerga, ez da bilketa zehatza. Bizkaiko abizen ospetsu guztiak ere ez daude bilduta, ez dago adibide bat kirol bakoitzeko ez urte bakoitzeko, eta klub edo elkarte asko agertu ere ez da egiten”.