Egeoa gurutzatzen duten errefuxiatuei laguntza emateko ekitaldia egingo dute zapatuan Plentzian

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 17a, 12:50

Urtea hasi eta gaur egunera arte, 400 pertsona baino gehiago hil dira daborduko Egeo itsasoan, gerratik ihesi. Egoera horretaz kezkatuta, itsasoagaz eta uragaz lotutako hainbat kirolarik "Ur basque people. Bizkaitik Egeora" izeneko elkartasuneko ekitaldia antolatzea erabaki dute. Hitzordua zapatu honetan izango da, hilak 20, goizeko 11:00etan, Plentziako hondartzan. Itsasoko zeharkaldia izango da, bi modalitatetan, eta horietakoren batean parte hartu ahal izateko, 10 euroko ekarpena egin beharko da; lortutako diru guztia Itsasoko Salbamendu Elkarte Humanitarioari emango zaio.

Ekitaldia otsailaren 20an, larunbatean, izango da, goizeko 11:00etan, Plentziako hondartzan, eta beharrezkoa izango da neoprenozko jantzia eramatea. Modalitate bi egongo dira: 400 metroko igeriketa zeharkaldia eta 1.250 metroko zirkuitua, surf taulak, kayakak edo piraguak erabilita.

Parte hartzeko, colaboro.smh@gmail.com helbide elektronikoan izena eman eta Laboral Kutxako ES92 3035 0235 22 2350038982 kontuan 10 euroko ekarpena egin beharko da. Lortutako diru guztia Itsasoko Salbamendu Elkarte Humanitarioari bideratuko zaio. Izen emateak topaketaren egunean bertan ere egin ahalko dira, Plentziako hondartzako arkupeetan; goizeko 10:00ak eta 10:30ak artean heltzea gomendatu dute antolatzaileek. Parte hartu ez baina lagundu gura dutenek ere euren ekarpena egin dezakete kontu horretan. Ekintza solidarioan parte hartzeko ezinbesteko baldintzetako bat neoprenozko jantzia erabiltzea izango da.

Zapatuko ekimena uretako zenbait kirol modalitateakaz erlazionatutako pertsona talde batek antolatu du, Greziara heldu nahian Egeo itsasoa gurutzatuz euren bizitza arriskuan jartzen dutenei laguntzeko asmoz. Itsasoko Salbamendu Humanitarioak Kios uhartean (Grezia) egiten du lan, eta, azaltzen dutenez, egunero 350 pertsona inguru porturatzea lortzen dute, "egunero Europara heltzen diren errefuxiatu guztien %10, gutxi gora behera".

"Ur basque people. Bizkaitik Egeora" ekitaldia Laboral Kutxaren babesari eta Gorlizko eta Plentziako udalen laguntzari esker antolatu dute. Halaber, Goazen UP, Agencia Doble, Marmoka Films eta Plastik taldeen laguntza izan du.

Itsasoko Salbamendu Humanitarioa

Itsasoko Salbamendu Humanitarioan ibiltzen diren denak boluntarioak dira, inork ez du kobratzen, eta denak dira profesionalak, eskaintzen den laguntza uretan eskaintzen baita, eta horretarako ezagutza teknikoak behar direlako.

Turkia eta Grezia arteko distantzia oso laburra da, 6 kilometrokoa, eta dena ondo badoa, ibilbidea ordu erdikoa baino ez da, baina motorrak ez badu behar bezala funtzionatzen, haizeek itsasontziak eramaten dituzte, eta itsaso zabalean amaitzen dute. Abagune horretan izaten den beste izugarrietako bat eguraldia txarra denean bidaiak merkeagoak direla da, eta horrek arriskua biderkatzen du. Ohiko bidaiak 1.000 euro balio baditu, ekaitza dagoenean prezioa 400 eurokoa izaten da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun