Ahanzturan ez isiltzeko Memoria Astea antolatu dute Plentzian

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 26a, 15:12

Gudariei eta senideei omenaldia Plentzian izango da. © EUZKADIKO GUDONTZIDIA IRUDITAN liburua

Plentziako Kandelaria Kultur Elkarteak eta Ernai gazte-antolakundeak Memoria Astea antolatu dute hilaren 29tik martxoaren 5era, Danontzat gaztetxearen laguntzagaz.

Aste horretan, astelehenetik zapatura, Andres Gangoiti Cuesta (Gorliz 1918, Iruca 1942) Eretza-Mendi itsasontziko marinel izan zenaren inguruko erakusketa egongo da ikusgai Danontzat gaztetxean, 18:00etatik 20:00etara. Gorliztarra 1937an atxilotu zuten, Bilbotik Cardiffera (Gales) zihoala. Itsasontziko delegatu politikoa zelakoan, heriotza-zigorrera kondenatu, eta bere bizitzako azkenengo 6 urteak hainbat espetxetan eman zituen.

Andrew Gangoitik, Andresen ilobak, bere osabaren inguruko proiektu bat osatu zuen, "ahanzturari aurre egiten lagunduko gaituen hausnarketa", hain zuzen ere. Hala, proiektu horren erakusketa zazpi alek osatzen dute: hiru, bere osaba Andresen bizitza eta heriotzaren ingurukoak; beste hiru, Eretza-Mendi itsasontziari lotutakoak; eta zazpigarrena, gizonaren eta ontziaren bizitzetako kronologia erakusten duena.
Hurrengo egunetan, berriz, erakusketa ikusi ahal izateaz gainera, hainbat ekimen antolatu dituzte plentziarrek.

Martxoaren 1ean, martitzena, "herrian faxismoa denen artean garbitzeko" deia egin dute, 18:00etatik aurrera. Eguenean, martxoaren 3an, "Memoria egin, Justizia egin" hitzaldia egongo da, 19:30ean, Danontzat gaztetxean. Barikuan, Botilen herria dokumentala proiektatuko dute, 20:00etan, Danontzat gaztetxean bertan ere. Eta, azkenik, martxoaren 5ean, zapatuan, Matxitxakoko itsas batailaren gudariei gorazarre egingo diete, Plentziako portuan, 13:00etan.

Egitaraua

Otsailak 29tik martxoaren 5era

  • 18:00-20:00 Andrew Gangoitiren Eretza-Mendi erakusketa, Danontzat gaztetxean.

Martxoak 1, martitzena

  • 18:00 «Faxismoa denon artean garbitzea», herrian zehar.

Martxoak 3, eguena

  • 19:30 «Memoria egin, Justizia egin» hitzaldia, Ahaztuak 1936-1977 elkartearen ekimena, Danontzat gaztetxean.

Martxoak 4, barikua

  • 20:00 Botilen hilerria dokumentalaren proiekzioa, Danontzat gaztetxean.

Martxoak 5, zapatua

  • 13:00 Omenaldia, Matxitxakoko itsas batailaren gudariei eta euren senideei, Plentziako portuan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun