"Usoen populazioa kontrolatzeko usoak hartzen dira, aste batzuetan zehar horiek elikatu ostean, eta gero eutanasiaren bidez hiltzen dira", argitu du Plentziako alkateak. Halere, eutanasia aukeratu baino lehen, beste neurri batzuk hartzen saiatu direla argitu du Crestelok: "aditu bat etorri zen, belatz batekin, eta arazoa ikusi ostean, esan zigun ez zegoela zer egiterik". Halaber, hutsik dauden etxeetan egon daitezkeen habiak desagertzeko abisua eman zieten horien jabeei.
Dena den, Crestelok azaldu duenez, joan den astean usoen populazioa kontrolatuko duen enpresagaz bildu ziren, beste irtenbide bat bilatzeko asmoz, "eta arazo barik bilatuko zutela esan ziguten". Hala, adituen erantzunaren zain dago Udala, animaliak hil barik zer egin daitekeen zehazteko.
Aprovak, bere aldetik, hegaztiei antisorgailuak ematea proposatu du, horien ugalketa kontrolatu ahal izateko. "Neurri horregaz usoen zenbatekoa kontrolatu daiteke, horiek hil behar izan gabe", argitu dute.
Uso "gehiegi" hiribilduan
Azken urteotan "apenas ez da ezer egin" usoen populazioa kontrolatzeko Plentzian; horren ondorioz, hegazti horien populazioa oso handia da bertan, "eta horiek arazo batzuk sortu dituzte bertan", alkatearen berbetan. Berbarako, zehaztu duenez, gune historikoko auzotar batzuek usoak zuzenean hil dituzte, karabinakaz. Arazo berdina dago arratoi eta labezomorroakaz, eta kasu horietan ere, "hainbatetan auzokideak izan dira neurri ezberdinak hartu dituztenak", alkateak esan duenez.