Plentziako dozena bat familia inguru inkomunikatuta daude atzo arrastitik euren etxebizitzetara ailegatzeko bide bakarrean, Junkera Bidean, jazotako lur-jausi garrantzitsu baten ondorioz. Horren aurrean, Udalak ordezko bide bat egokitzea aurreikusi du, Gorliz aldean, Deia egunkariak zabaldutakoaren arabera.
Junkera Bidearen ia erdia, Gandia aldean, desegin da azken egunotan jazotako euri-jasa gogorren ondorioz. Alkateak eta inguruko auzokideek uste dute errepide hori "desegiten" jarraituko dela, inguruan ez dagoelako arroka finkorik, buztina baizik. Ondorioz, ura sartzen jarraituko dela ohartarazi dute, arrakalak zabalduz.
Isuskiza auzunerako sarreretako batek ere kalteak jasan ditu azken egunetan, mendi magaletako baten lur-jausiaren ondorioz. Joan den barikuan hasi ziren lur-jausiak puntu horretan; halere, bertako auzokideak Urdulizko sarreratik heldu daitezke euren etxebizitzetara.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.