Plentziako Uribe Kosta institutuko DBH 1. mailako ikasleek 36ko gerraren inguruan ekimen berezia garatu dute ikasturte osoan, Balio Etikoak ikasgaiaren barruan. Horren fruitu da maiatzaren 6an, 18:00etan, Goñi Portalen aurkeztuko duten argazkiz eta testuz osatutako erakusketa. Azaldu dutenez, «pil-pilean dagoen Siriako Gerra abiapuntutzat hartuta, ikasleek etxean galdetu dute nola bizi izan zuten etxekoek Gerra Zibila. Gero, bakoitzak etxeko kontakizunak paperean adierazi ditu». Kontakizun horiekaz eta «etxetik ekarritako argazkiakaz» osatu dituzte erakusketaren 20 koadroak. Argazkiak, «gerra garaikoak eta gaur egunekoak dira. Iragana eta oraina lotuz», adierazi dute antolatzaileek. Izan ere, urte askotako isildu behar hura gaindituz, belaunaldien arteko transmisio zuzenari bide emanez, etxekoen arteko aitita-amama eta biloben arteko zubiak ibiliz, esan daiteke egundoko ariketa polita egin dutela Uribe Kostako ikasleek. Horrez gainera, gaia jorratzen duen La Lengua de los secretos (Roca, 2015) liburuaren idazle Martin Abrisketa arrigorriagarraren berbaldia ere izan zuten institutuan; Arrigorriagakoak ezagututakoak eta lanean jasotakoak entzun zituzten, eta ikasleek eurek etxean batutakoak hari kontatu zizkioten. Abrisketagaz batera, «gerrako ume» izandako Matilde Usubiagaren lekukotasunak ezagutzeko aukera ere izan zuten; bera liburuko protagonistetako bat da.
Erakusketa
Egindako lan eskerga erakustea merezi zuelakoan, dena prestatzeko beharrei eutsi zieten ikasleek... Eta hala, ikasturte akabu honetan, emaitza jendarteratzeko ordua da: erakusketa Goñi Portalen ikusi ahal izango da maiatzaren 6tik 20ra. Ostean, Sopelako Kurtzio kultur etxean ere ikusgai egongo da kontakizunen erakusketa, maiatzaren 30etik ekainaren 17ra bitartean.