Hala, Helvetia izango da Arkoteren ontziek eroango duten babesle bakarra. Enpresaren logoa klubaren gainazal denetan izango da ikusgai: traineru bietan, lau trainerutxoetan, zortzi bateletan, aulki finkoko ontzietan, eta Arkoteko kideek garraiorako erabiltzen dituzten furgonetetan eta atoietan. Helvetiak nabarmendu du babes hori berritzeak duen garrantzia "oinarri-kirola sustatzeko". Enpresaren erantzukizun korporatiboaren estrategian kokatu dute ekimena. Arkote 1957an sortu zen; aurretik, Plentzia Arraun Elkartea zegoen. Azken 59 urteotan, garrantzi handia izan du arraun-estropadetan; gaur egun, 400 bazkide dauzka, eta KAE ligan dabil. Besteak beste, irabazi ditu Bizkaiko Traineruen Txapelketa (birritan), Plentziako Itsasadarraren Jaitsiera edo Ibaizabalgo Sari nagusia.