Zapatuko itsasadarreko igoera eta jaitsiera baliagarria izango da Euskadiko Ibaietako XVIII. Koparako. Estropada goizeko 10:30ean aterako da. Domekan, ordea, ordu erdi beranduago. Itsas kayaken Euskadiko XII. Koparen hirugarren proba izango da itsas zeharkaldia.
Plentzia Piraguismo Taldea 1990ean jaio zen, Itsasadarrean piraguismoa sustatu gura zuten gurasoen ekimenez. Udalak eta Aldundiak zenbait piragua eman zizkieten, baita etxola bat utzi ere Errotabarrin, gaur egungo futbol-zelaian. Mendea amaitu aurretik, Udalak hondartzako pasealekuko oraingo lokala utzi zien. Lekua aldatu zuten garaian, desadostasunak sortu ziren klubeko bazkideen artean; guraso batzuek Barrikako taldea sortu zuten.