Atxurra koba, labar-artearen erakusleihorik handiena

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 1a, 13:14

Diego Garate Berriatuako Atxurra koban. © BFA/DIEGO GARATE

Gizakiak betidanik gura izan du inguratzen duen guztia erreproduzitu eta gorde, aurretik ikusitakoaz berriro gozatu ahal izateko geroan. Teknologiak erraztasunak eman dizkigu irudi estatikoak gordetzeko, argazkigintzari esker, berbarako.

Ondoren, bideokamerek mugimendua gordetzeko aukera ere eskaini ziguten. Hala ere, eguneroko elementuen irudikatzea ez da berria, ezta mugimendua erreproduzitzearena ere, inondik inora. Historiaurreko pertsonek ere horretarako ikuspegia zuten; Altamirako (Kantabria) kobazuloetan gordetzen den arte kuaternarioan ikus daitekeenez, kabernikolek basurde polikromo bat irudikatu zuten bertako sabaian: zortzi hanka ditu basurdeak. Arkeologo askoren arabera, margo horrek, ingurukoek ez bezala, animalia irudikatzeaz gainera, mugimenduaren sentsazioa eragin gura zuen, hanken mugimendu jarraitua azaltzeko. Milaka urteren ostean, oinarri horretaz baliatuta, hainbat margolarik animalien hankak biderkatzeko ohitura hartu zuten, mugimendua irudikatzeko; Carlo Carraren 1912ko  Zaldia eta zalduna lana, berbarako. Baina itzul gaitezen historiaurrera eta paleolitikoko artera.

Orain dela 40.000 urte inguru kobazuloetan margotutako irudiek osatzen dute labar-artea. Margo horiek izaera espirituala izan ohi zuten, ehiza areagotu guran, eta mundu osoko bazter gehienetan aurki daitezke. Ostera, zaharrenak eta garrantzi handiena dituztenak Iberiar penintsulan eta Frantzian topa daitezke, adituen arabera. Horiek Paleolitikotik Neolitikora arteko garaikoak dira, eta zaharrenak Altamirako kobazuloan agertu dira, Kantabrian.

Euskal Herrian, berriz, Diego Garate arkeologo plentziarrak azaldu duenez, «betidanik egon da hutsune bat, labar-arteari dagokiona». Izan ere, Kantauri aldean eta Pirinioetan, kobazulo asko daude, eta «ezinezkoa» zuten ikertzaileek azaltzea zergatik ez ziren historiaurreko margo horiek aurkitzen gurean. Orain dela hamar urtetik hona, baina, «hutsune» hori betetzen hasi dira, Askondo (Mañaria, Bizkaia), Aizbitarte (Errenteria, Gipuzkoa) edo Lumentxa (Lekeitio, Bizkaia) kobazuloakaz. Joan den hilabetean, maiatzean, gainera, Garatek zuzendutako ikerlari-taldeak arte-labarren beste aztarnategi bat aurkitu zuen Berriatuko Atxurra kobazuloan. «Garrantzi handiko aztarnategia da, santutegi handia», esan du arkeologoak.

Orain dela urte bi hasi zituzten indusketa-lanak, haitzuloaren sarrerako aztarnategian, «baina margoak iaz aurkitu genituen Iñaki Intxaurbe espeleologoak eta biok, irailean, indusketa-kanpaina barruan programatutako prospekzioan», azaldu du. Lan horri esker, adituek 70 animaliaren erreprodukzioak aurkitu dituzte bertako hormetan, «gehienak grabatuak dira, baina ikatzez egindakoak ere badaude».

Historiaurreko «santutegia»

Aztarnategia, Joxemiel Barandiaranek aurkitu zuen 1929an, eta berak hasi zituen bertako indusketa-lanak 1934 eta 1935 artean. Garai hartan, induskatzeko metodologia ez zegoen lar garatuta, eta aurrerantzean, Atxurra jorratu barik geratu zela azaldu du Garatek. Hori dela-eta, haren ekarpen-aukerak neurtu guran, bertara joatea erabaki zuten ikertzaileek. Momentuz dozena erdi bider baino ez dira sartu Atxurra kobazulora lan egiten, eta azaldu dutenez, «bertako azala baino ez dugu ikusi».

Ez da batere erraza haraino heltzea, orain arte identifikatu dituzten paleolitiko aroko horma-artearen ebidentzietaraino, erlaitzetara bidea oso zaila delako: 300 metrora baino sakonago daude; horren ondorioz, azterketa-lanak oso neketsuak dira, derrigorrezkoa delako aldamioak eta segurtasun-sistemak ipintzea. Azalekoa bakarrik aztertu badute ere, aurkitutakoa «izugarria» dela aitortu du arkeologo plentziarrak: «animalia aldetik, Euskal Herrian kopuru handienekoa izango da, seguru asko. Egin kontu: Santimamiñen (Kortezubi) 40 margo aurkitu ziren –egunotan bere aurkikuntzen mendeurrena ospatzen dabiltza–; Atxurran, gutxienez, kopurua bikoiztuko da. Katalogoa askoz handiagoa da, eta garaiko estiloak eta elkartrukeak aztertzeko oso baliagarria da». Berriatuko kobazuloan aurkitutako margolan gehienak garai berekoak dira, Ertain Madeleine aldikoak, hau da, orain dela 14.000 urtekoak. Aztarnategian, baina, garai ezberdinetako aztarnak aurkitu dituztela nabarmendu du arkeologoak: «orain dela 30.000 urtekoak, Gravette aldekoak; Solutre aldikoak ere bai, duela 20.000 urtekoak, eta, batez ere, Madeleineko Goi, Behe eta Ertain aldikoak aurkitu ditugu. Margolanak azken aldi horretakoak dira».

Oraindino, haitzuloaren atal batzuk berrikusi eta aztertu barik egon arren, zehaztu dutenez, animalien irudiak dira gehienbat, zaldienak eta bisonteenak bereziki, nahiz eta ahuntzak, oreinak eta uroak ere egon badauden. Grabatuaren teknika erabili zuten ia beti, aldaera desberdinakaz; «batzuk oso zehatzak dira, baina badaude beste batzuk eskematikoagoak direnak. Dena den, estilo berekoak dira denak». Halaber, batzuetan, margo beltza be badaukate, baina ez da ondo kontserbatu. Horrez gainera, arkeologoak adierazi duenez, «beste hainbat altxorren artean, Europa mailan lantzaz eginiko marka gehien dituen bisontea gordetzen du Atxurra kobak».

Euskal Herria leku geoestrategikoa izan da beti: «gaur egun, A8 autobidea daukagu penintsula eta europar kontinentea lotzeko. Garai hartan (historiaurrean), Pirinioak elurpean zeuden, eta mendiak zeharkatzea oso zaila zen. Kostaldetik zeharbide bakarra zegoen, eta gu hortxe gaude», akordura ekarri du Garatek. Horren ondorioa da inguruan garrantzi handiko aztarnategiak aurkitu izana.

Labar-artearen bila

Besteak beste, Behe Nafarroako Isturitze leizean gizakiak etengabe bizi izan zirela dio arkeologoak, «neanderthalak hasieran eta gero gu». Hori dela-eta, sukarrizko tresna asko aurkitu dira bertan: «megalopoli bat zen». Inguru hartan ere, hainbat aztarnategi aurkitu izan dituzte: «Isturitzeko sateliteak ziren batzuk». Hala ere, topatutako guztiaren artean, artea falta zen; «horrexegatik hasi ginen bilatzen: ez zeukan zentzurik arterik ez egotea».

Euskal Herriko labar-artea aurkitzeari ekin zioten arkeologoek, eta egindako lanari esker, azken hamar urtean, hirukoiztu da gurean kobazuloetako aztarnategi-kopurua; «imajinatu guretzat zer-nolako une zirraragarria den», aitortzen du Garatek. Hala, gaur egun, aurkitu berri dituzten margoez gainera, Bizkaian Santimamiñen aurki daitezke labar-artearen aztarnak. Gipuzkoan, berriz, Ekain eta Altxerri kobetan ikus daitezke. Azkenik, Ipar Euskal Herrian, Erberua nabarmendu du arkeologoak: «beste guztiak, 20 bat, askoz txikiagoak dira; horrexegatik da hain interesgarria Atxurra».

Aurkikuntzaren berri ematea

Joan den maiatzaren 24an aurkeztu zuen jendaurrean Diego Garatek Atxurra kobazuloan aurkitutako dena, Bizkaiko Foru Aldundiko Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko eta Lorea Bilbao Euskara eta Kultura sailburuakaz batera. Bilbaok azpimarratu zuenez, «pintura horiek aurkitzea klabea, erabakigarria da paleolitikoko artea ezagutzeko, Atxurraren barruan panel eta figura dekoratu ugari topatu delako eta material arkeologikoa gordetzen duten ukitu gabeko zenbait eremu ere badaudelako bertan».

Horrenbestez, Bizkaiko Foru Aldundiko agintariek erabaki dute koba jendearentzat ez zabaltzea, adituen gomendioak bete gura dituztelako, eta ondare arkeologikoa kontserbatzeko Aldundiak duen konpromisoari ere eutsi gura diote. Izan ere, aurkikuntzak balio «oso handia» du, eta hori dela-eta, «delikatua da duen kontserbazio-egoera». Gainera, bertaraino heltzea arriskutsua denez, eta pertsonen integritatea jagon  gura dute. Hala ere, iragarri dutenez, aurkitutakoaren nondik norakoak ikusi ahal izateko 3Dn digitalizatzeko lanak egiten dabil Aldundia, «interesdunen artean, ahalik eta zabalkuntza gehien izan dezan».

Berriatuko Udalak poza agertu du herrian egin duten aurkikuntza handiagatik. Ostera, harrituta ere badagoela adierazi du, Udalak ez baitu «inolako informaziorik» jaso Aldunditik: «kobazuloa gure udalerrian dagoen arren, prentsaren bidez jaso dugu informazioa». Horren harira, Diego Garatek azaldu du alkateagaz eta Udalagaz harremanetan daudela daborduko, «guretzat herriagaz lan egitea ezinbestekoa da, eta horrela egin dugu askotan: Lemoan, Mañarian, Lekeition zein Barrikan». Izan ere, Plentziako arkeologoak zehaztu duenez, ondarea herriarena da, «guk ikertu besterik ez dugu egiten, aurkitutakoa errazago zabaltzeko jendarteari berari».

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun