Mikrofilm Short Festival jaialdiko finalistak aukeratu dituzte

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 14a, 11:30

Elizaren fatxadan proiektatutako argi-ilunen ikuskizuna. © MIKROFILM SHORT FESTIVAL

Daborduko Plentziako Mikrofilm Short Festival jaialdiaren bosgarren edizioan lehiatuko diren genero beltzeko 15 film laburrak aukeratu dituzte; besteak beste, Brasil, Argentina, Frantzia, Ingalaterra, Errusia edo Japoniatik iritsitako 500 lan ingururen artean hautatu dituzte finalera igaro diren pelikulak. Abuztuaren 13an eta 14an egingo dute Mikrofilm Short Festival jaialdia.

2011ko uztailaren 7an auto-istripuan zendutako Alex Arana Etxebarria zinemazale plentziarra omentzeko abiatu zuten, hura hil eta urtebetera. Hala, elizaren aurrealdea zinema bihurtuko da bosgarren aldiz. Genero beltzari eskainitako jaialdia da, eta film laburren lehiaketa dauka ardatz. Oraindino egitaraua zehaztuta ez daukaten arren, daborduko mundu osoko 15 pelikula hautatu ditu epaimahaiak, aste-akabu horretan ikusgai jarri eta onenak saritzeko. Hala, 2.000 euro jasoko ditu epaimahaiak aukeratutako film laburraren egileak; eta 700 euro, ikusleek aukeratutakoaren autoreak. Euskal pelikularik onenak 800 euro jasoko ditu.

Gainera, berbaldiak, kontzertuak (Joseba Lenoir Duo eta Moonshakers taldeen parte-hartzea hitzartuta daukate), argi-ilunen ikuskizuna (Mario Jimenezen ardurapean), poker-partidak eta beste hainbat jarduera egongo dira. "Iberia FX. Cinefectos. Oficio y artificio en el cine español" erakusketa abuztuaren 12tik 20era egingo dute.

Hautatutako film laburrak

  • "The package", Ted Atherton (Kanada).
  • "El lugar adecuado", Fernando Franco (Espainia).
  • "Lost Village", George Todria (Euskal Herria).
  • "The sky queen", Simon Maignan (Frantzia).
  • "Hostal Eden", Gonzaga Manso (Espainia).
  • "The noise of liking", Nadaja Andrasev (Hungaria).
  • "The food chain complexity", Maciej Gajewski (Polonia).
  • "5 segundos", David Gonzalez (Euskal Herria).
  • "The procedure", Calvin Lee Reeder (AEB).
  • "The suitor", Alvaro Congosto (Espainia).
  • "Down by love", Jose Corral (Espainia).
  • "Duellum", Tucker Davila (Euskal Herria).
  • "Decorado", Alberto Vazquez (Espainia).
  • "Disco inferno", Alice Waddington (Espainia).
  • "A prueba", Pablo L De Aramburu (Espainia).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun