Plentziako Udala paperaren bilketa egiten duen enpresaz kexatu da

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 18a, 15:10

Plentziako Udalak bere webgunean salatu duenez, azken boladan hainbat arazo sortu da paper- eta kartoi-bilketan. Plentzian ez ezik arazoa "Uribe Kostako Mankomunitateko beste herrietan" ere izan dela salatu du hiribilduko Udalak. Horren aurrean, Plentziako Udalak eskatuko du "beharrezko neurriak har daitezela zerbitzu hori ematen duen enpresaren aurka, paperaren eta kartoiaren bilketa selektiboa baldintza onenetan egin dadin".

Plentziako Udalaren arabera, Garbialdi SA azpikontratatutako enpresak "ez ditu betetzen kontratuko baldintzak". Iazko abenduaren 23an onartu zuen Uribe Kostako Mankomunitateak kontratu hori, Gobernu Batzordean. Denera, 180.349,04 euroan esleitu zuten paper eta kartoiaren bi urteko batuketa, BEZa kontuan hartu barik. Plentziako Udal Gobernuak gaineratu duenez, Trapagarango enpresak "ez du bilketarik egiten ezarritako egunetan eta paper eta kartoi gehiegi metatzen da, edukiontziek gainezka egiteraino; horren ondorioz, papera eta kartoia edukiontzien kanpoaldean pilatzen da, espaloi eta kaleetara zabalduz eta zikinkeria arazoak sortuz".

EH Bilduren eta Plentziako Independenteen Udal Gobernuak aurretik barne-mailako kexa aurkeztu zuen. Orduan, azaldu dutenez, "esan ziguten enpresak denbora behar zuela zerbitzu berrira egokitzeko, lehen beste konpainia batek egiten baitzuen lan hori Uribe Kostan. Denboragaz ikusi dugu, ordea, arazoa ez dela hori. Izan ere, enpresa horrek astean egun bat gehiagoz lan egiten du gaitasun handiagoa duen kamioi batekin. Hala ere, arazoak handitu egin dira konpondu beharrean, batez ere uda iritsi denean".

Horregatik, Plentziako Udalak daborduko eskatu du "har daitezela beharrezko neurriak enpresaren aurka, eta Uribe Kostako Mankomunitateko zerbitzu juridikoak horretan ari dira lanean". Ildo berean, "arazoak murrizteko, Udalak gutun bat bidali die 75 saltoki, taberna eta jatetxeri, eta laguntza eskatu die, kartoia tolestu dezaten edukiontzietan utzi baino lehen. Horrela, kartoi gehiago sartuko da edukiontzi barruan".

Bestalde, Udalak edukiontzi batzuk tokiz aldatuko ditu horrela bilketa-puntuak hobetuko dituelakoan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun