Arkote, KAE-1 ligarako prest

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 8a, 17:10

"Plentzitarra"-ko arraunlariak garaipena ospatzen Plentziako bigarren banderan, abuztuaren 28an. © ARKOTE

"Plentzitarra"-k historia egin du, eta datorren denboraldian KAE Ligako lehenengo mailan jardungo dute Arkoteren arraunlariek, orain dela bost urte legez.

Datorren urtean ez da nahikoa izango Kantauriko Arraun Elkartearen Ligako bigarren mailako emaitzak bakarrik behatzea eskualdeko traineru gehienen berri izateko. Izan ere, KAE-1 kategorian Uribe Kostak ordezkaritza izango du berriro ere: Plentziako Arkote klubarena. Balentria denboraldi osoaren ahaleginari esker lortu badute ere, abuztuaren azken proba bietan errematatu zuten: Colindres-en eta Plentzian jokatutako igoera eta jaitsiera playoffetan.

Aitor Gilek agindutako arraunlariek maila ederra eman dute tostaren gainean, pasa den uztailaren 2an Altzagan uretaratu zirenetik. Ordutik, eta abuztuaren 21eko Camargoko proba bitartean, bandera bi irabazi dituzte, Sestaokoa eta Plentziakoa. Gainera, erregulartasun handia erakutsi dute, zortzi estropadetan bigarren lekuan sartuz. Hortik behetik ibili diren hiru saioetan ere, ez dira bosgarren postutik jaitsi. Hamahiru estropadetan metatutako 162 puntuak ez dira nahikoak izan Oiartzungo itsaslapurrak gainditzeko, baina bai KAE-2ko bigarren geratu eta igoera fasean sartzeko.

Santurtzi, Hibaika eta Sanpedrotarra traineruen aurka, hori-beltzek ez zuten hutsik egin eta Colindresen zein Plentzian bandera irabazi zuten, nahiz eta Kantabrian Santurtzitik azpian geratu ziren. Hala ere, playoff fasearen berdinketak ziurtatu die KAE-1era igotzea datorren denboraldian.

Arraunlariek ez ezik, hiribilduko zale eta auzokideek Arkoteren lorpena ospatu zuten pasa den abuztuaren 30ean. Egun horretan, harrera egin zieten "Plentzitarra" traineruaren arraunlariei Astilleron.

Gipuzkoako Ligaren irabazlea

Gizonezkoak ez dira izan garaipenak ospatu dituzten Arkoteko kide bakarrak. Jone Oliban Lizarraga arraunlariak Gipuzkoako Liga irabazi du Hibaikagaz. Kontxa ere eskura dauka.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun