Higinio Rivero: "Argazkirako erabiltzen gaituzte askotan"

Iñigo Fernandez de Martikorena 2016ko urr. 15a, 10:00

Higinio Rivero.

Munduko parakanoa txapelduna da Higinio Rivero Fernández; Plentzia Piraguismo Taldeko kidea da arrigorriagarra. Piraguismoa probatzea gomendatu du Riverok, «harrapatzen zaituen kirola da-eta». Plentziako klubera hurbiltzera gonbidatu ditu HIRUKAren irakurleak.

Aurten Europako eta Munduko parakanoa txapelketak irabazi dituzu.

Bai, biak maratoi modalitatean.

Zer sentitu duzu irabaztean?

Aurretik sentitu dudana, kontu berezirik ez. Esperientzia, leku eta jende berriaz gozatu dut. Besterik ez.

Eta, ez zinen bereziki poztu?

Bai, beste edozein estropadan bezala.

Zelan hasi zinen piraguismoan?

Istripu bat izan nuen orain dela hiru urte eta erdi, ia lau. Aurretik, probaldiren bat egina nuen. Istripuaren ondoren errehabilitaziorako zerbait egin gura nuen, baina hankak ezin nituen ondo mugitu. Pentsatu nuen, eta piraguismoa gustuko neukanez, hemen hasi nintzen, Plentziako klubean.

Zer dela-eta piraguismoa?

Eskalada egiten nuen; horretan nenbilela izan nuen istripua. Horrez gainera, mendiko bizikletan ere banenbilen; piraguismoan ere hasia... Baina hanketan indar handirik ez nuenez, eskalada oso zaila bihurtu zen; bizikletarena ia ezinezkoa. Piraguismoa, aldiz, egin dezaket. Psikologikoki ere ezberdina da: piraguan eserita nagoenean inork ez du nire ezgaitasunik antzematen.

Zer moduko harrera egin zizuten klubeko beste kirolariek?

Ona, hasieratik oso gustura egon naiz. Hemen inoiz ez naute ezberdin tratatu, ez kirol egokituko kide gisa ezta beste modu batera ere. Izatez, hemen ez zekiten egokitutako piraguismorik zegoenik ere; ni ibili naiz hori zein kategoriak aztertzen. Onena da beste bat naizela. Batzuetan ahaztu ere egiten zaizkie nire mugak, eta zain egon behar izan dut noizbait hondartzan, piraguaren barruan, ea noiz etorriko diren nire bila, kar, kar, kar.

Printzipioz, makuluakaz ondo moldatzen zara; uretan ere bai. Sartzeko eta irteteko behar duzu laguntza, ezta?

Bai, batez ere, piragua kargatzeko. Behar izanez gero, hala moduz eraman dezaket, baina zailtasun handiagoa daukat. Bestalde, uretan, ematen du hankek ez dutela ezertarako balio, baina horiek bideratzen dute besoetako indarra abiadura lortzeko. Hortaz, hanketan indarra duten pertsonek baino zailtasun gehiago daukat.

Desberdintasun handia dago piraguismo eta parakanoaren artean?

Parakanoa praktikatzen dugun pertsonok ezgaitasunen bat dugu. Bestalde, arautegiak dioenez, piragua zabalagoak eta egonkorragoak ditugu, oreka mantentzeko arazo gehiago dugulako. Horiek dira ezberdintasun bakarrak.

Zelan prestatu dituzu txapelketak?

Ez nituen txapelketak hain laster izatea espero. Hortaz, klubeko entrenamenduari jarraitu diot, beste taldekideakaz batera, eta ondo atera da!

Uste duzu kirola lagungarria dela lesio larriren bat izan dutenentzat?

Kirola guztioi datorkigu ondo, neurriz eginez gero; batzuetan neurritik irteten baikara, gutxienez ni. Niri alde psikologikoan ere lagundu nau, horren ezean, beharbada, etxezuloan bizi nintekeelako, ezer egin barik eta errehabilitazio eskasagoa eginda, makuluak ezin erabilita eta aulki batean. Kontu horietan burua oso arriskutsua da. Baina kirola ez baduzu gustuko, beste zerbait bilatu behar izango duzu.

Kirol egokituak babes nahikoa jasotzen du zure ustez?

Batzuetan bai; beste batzuetan, ez. Argazkirako erabiltzen gaituzte askotan; baina, gero, laguntza ekonomikoetarako ez gaituzte kirolaritzat hartzen. Elite kategoriako senior batek lor ditzake beka eta laguntza batzuk, mundialean; ostera, kategoria bereko kirol egokitukook ez daukagu babes ekonomiko bera. Halere, ni ez naiz arranguratzen; momentuz, zortea aldeko dut.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun