Udan zehar jazotako eraso matxisten ondorioz, horiei erantzuna emateko beharraz jabetuta, antolatzeari ekin zion lagun talde batek. Halere, apurka-apurka, bestelako emakumeak batu zaizkie eta, horren ondorioz, Sorginen Alabak taldea sortu dute; "talde heterogeneoa gara, adin ezberdineko emakumeak osatzen dugu, aurretik bestelako eragileetan militatu dutenak zein inoiz militatu ez dutenak ere", azaldu du Denis Rey Ormazak, talde feministako kideak.
Azaldu dutenez, taldearen helburua ez da feminismoaren inguruan teorizatzea, ezta mugimendu horrek Euskal Herrian egindako guztia azaleratzea ere. Halere, aitortu dute horri guztiari esker daudela hor, "urte luzeetan zehar egindako borroka feministak bere fruituak eman ditu. Jabetuta gaude, egunero hiltzen gaituztela badakigu, erasotzen gaituzte eta bortxatzen gaituzte emakume izatearen arrazoi bakarragatik". Horri aurre egiteko, Plentzia eta inguruko kontzientzia iraultzera etorri dira Sorginen Alabak taldekoak, "gaur egungo gizartea zalantzan jartzera, hau da, sistema kapitalista patriarkalari aurre egitera".
Talde feminista astelehenero biltzen da Gorliz eta Plentziako Danontzat gaztetxean, 19:00etatik aurrera; borroka feministan parte hartu gura duen edozein emakumerentzat ateak zabalik egongo direla jakinarazi dute: "Zatoz eta parte hartu hurrengo ekintzetan! Etorri bilerara eta heteropatriarkatua suntsitu!".
HIRUKA 74. zenbakian Denis Rey Ormaza Sorginen Alabak talde feministako kideari egindako elkarrizketa argitaratuko dugu.