Plentziak Errotabarri berreskuratu du

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 10a, 18:42

Bizkaiko Futbol Federazioko kideak Errotabarri aztertzen. © PLENTZIAKO UDALA

Plentziako Errotabarri futbol-zelaia estreinatu zuten pasa den zapatuan, ia urte biren ostean.

Amets gaiztoa zena ohikotasunera bueltatu da. Orain dela ia urte bi, bere 90. urteurrena zelan ozpindu zen ikusi zuen Plentzia Kirol Elkarteak, Errotabarri futbol-zelaiak zeuzkan egoera-baldintza arriskutsuak zirela-eta. Ez ziren gutxi izan klubaren jarraipena zalantzan ipini zutenak. Izan ere, jokalekuaren konponketak behin eta berriro atzeratu ziren; pasa den zapatura arte, Errotabarriko futbol-zelaia berriro estreinatu baitzuten.

Errotabarriko belar artifizialeko futbol-zelaia berritzeko lanen harrera-akta sinatu zuen Plentziako Udalak, pasa den eguenean; "aurreikusitako azken data baino bost egun lehenago", Udalak azpimarratu duenez. Hala, itxita geratu zen 2014ko azaroan kirol-instalazio horren inguruan hasitako kapitulu beltza. Horren ostean, Bizkaiko Futbol Federazioaren Zelaiak Homologatzeko Batzordeko teknikariek zelaia bisitatu eta "argi berdea" eman zuten txapelketa ofizialetako partidak bertan jokatu ahal izateko.

Plentzia Kirol Elkarteko ume-taldeak estreinatu zuen zapatuan belar artifizial berria. Ekaitz López bertoko jokalariak sartu zuen Errotabarri berrian lehenengo gol ofiziala. Domekan, ostera, hainbat talde federatuk ere etxean jokatzeko aukera izan zuten. Errotabarriren eragina nabaritu zen eta bertan jokatutako partidek saldo positiboa utzi zuten.

Denera, 300 bat jokalari ibili dira denboraldi bitan erbestean jokatzen eta entrenatzen, inguruko kluben babesari esker. Datozen asteetan bilera bat egingo du Udalak Plentziako klubagaz, Udalaren kirol-instalazioaren erabilera zehazteko eta zelaiaren inaugurazio ofizialerako ideiak eta datak batera adosteko.

Bestalde, Gaur egungo konponbidea behin-behinekoa da, datozen hamar urteetarakoa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun