Autobusik gabe jarraituko dute Isuskitzan

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 22a, 14:56
Isuskitza auzunea.

Batzar Nagusiek baztertu egin dute Bizkaiko Foru Aldundiak bere gain hartu behar izatea Isuskitzarako garraio-publikoa.

Isuskitza auzuneko bizilagunek Bizkaibus zerbitzua euren bizilekura hurreratzea eskatu zioten Foru Aldundiari. Eskaera hori eztabaidatu dute Batzar Nagusiek eta erabaki dute Aldundiak ez duela bere gain hartu behar garraio-publikoa auzune horretara hurreratzea.

Hala, egindako bi proposamen baztertu dituzte; bata PPk aurkeztutakoa eta bestea EH Bilduk eta Podemosek batera aurkeztutakoa; horietan, Isuskitza auzunea Plentziako erdiguneagaz lotzea ahalbidetuko zukeen neurriak hartzea eskatzen zuten. Vicente Reyes Garraioa, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru diputatuak azaldu du hiru alternatiba ikertu dituztela: Leioa-Mungia edo Gorliz-Plentzia autobus-lineetan geraleku bat ipintzea Isuskitzan, biak baztertu dituzte "ekonomikoki bideragarriak ez direlako"; eta geraleku bat ipintzea "Dos Palmeras" inguruko bidegurutzean, hori ere baztertu dute, teknikoki "bideraezina" delako.

EAJk eta PSE-EEk aitortu dute "komunikazio falta" baten arazoa dagoela auzune horretan. Hala ere, gaineratu dute soluzioa Udalak berak eman behar duela, "zer esango dute euren garraio-zerbitzuak ordaintzen dituzten udalerrietako auzokideek", galdegin du Ekain Rico sozialistak. Izan ere, azaldu dutenez, udalek eurek hartu behar dute euren gain zerbitzu hori, "urbano" izaera duelako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun