Isuskitza auzuneko bizilagunek Bizkaibus zerbitzua euren bizilekura hurreratzea eskatu zioten Foru Aldundiari. Eskaera hori eztabaidatu dute Batzar Nagusiek eta erabaki dute Aldundiak ez duela bere gain hartu behar garraio-publikoa auzune horretara hurreratzea.
Hala, egindako bi proposamen baztertu dituzte; bata PPk aurkeztutakoa eta bestea EH Bilduk eta Podemosek batera aurkeztutakoa; horietan, Isuskitza auzunea Plentziako erdiguneagaz lotzea ahalbidetuko zukeen neurriak hartzea eskatzen zuten. Vicente Reyes Garraioa, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru diputatuak azaldu du hiru alternatiba ikertu dituztela: Leioa-Mungia edo Gorliz-Plentzia autobus-lineetan geraleku bat ipintzea Isuskitzan, biak baztertu dituzte "ekonomikoki bideragarriak ez direlako"; eta geraleku bat ipintzea "Dos Palmeras" inguruko bidegurutzean, hori ere baztertu dute, teknikoki "bideraezina" delako.
EAJk eta PSE-EEk aitortu dute "komunikazio falta" baten arazoa dagoela auzune horretan. Hala ere, gaineratu dute soluzioa Udalak berak eman behar duela, "zer esango dute euren garraio-zerbitzuak ordaintzen dituzten udalerrietako auzokideek", galdegin du Ekain Rico sozialistak. Izan ere, azaldu dutenez, udalek eurek hartu behar dute euren gain zerbitzu hori, "urbano" izaera duelako.