"Plentzia Amesten" egitasmoa martxan ipini du Udalak, Bizkaiko Urtxintxa Eskolaren laguntzagaz. Udal iturriek jakinarazi dutenez, horren helburua da umeei "kendutako" boterea "bueltan ematea". "Plentzia haurren begiradatik amesteko prozesua hasi dugu, betiere euskaraz, amets horietatik haurren Plentzia euskalduna eraikitzeko!", gaineratu dute.
Arduradunek azaldu dutenez, prozesu horren abiapuntua da egitekoa bera diseinatzea, baita herrian umeen parte-hartzearen beharraz eta eskubideaz ohartzea ere. Hori dena jorratzeko prozesuaren lehenengo saioa egin zuten, joan den eguenean, martxoaren 16an, ludotekan. Saio horretan, bertaratutako umeek prozesuaren logoa diseinatzeko eta prozesuari izena emateko ahalegina egin zuten, besteak beste. Hurrengo saioa udaberriko oporren osterako iragarri dute arduradunek; horretan sentsibilizazio faseari ekingo diote, prozesuaren nondik norakoak publikoki aurkezteko.