Plentziako EAJk “herri gisa hazi araziko gaituen inbertsioak” proposatu ditu aurrekontuetarako

Plentziako udaletxea.

Plentziako EAJk hainbat alegazio aurkeztu dizkio Gobernu-taldeak ezagutarazi duen aurrekontuen zirriborroari, "herritarren bizitza-kalitatea hobetzeko" eta "herri gisa hazi araziko gaituzten egitasmoak garatzeko", adierazi du Elixabete Uribarri bozeramaile jeltzaleak. EAJk jakinarazi du biharko, martitzeneko, osoko bilkuran bozkatuko direla 2017ko aurrekontuak; hori dela eta, euren eskariak "aintzat hartzea" espero du Uribarrik, "helburu nagusia delako plentziarren onerako ekintzak garatzea".

Gobernu-taldeak aurkeztutako zirriborroak jaso dituenak baino inbertsio handiagoak proposatu ditu EAJk, "behar direnak baino txikiagoak diren arren, beharrezkoak direlako". Modu berean, aurten lau kreditu eraldatzea proposatu dute, 500.000 euroko kopuruagaz.

Aurkeztutako alegazioak hurrengo hauek dira:

  • Gatzaminako irisgarritasuna: 250.000 euroko diru-partida aurreikustea Gatzaminako irisgarritasuna hobetzeko, horretarako baliabide teknikorik egokiena jarriz.
  • Kaleak asfaltatzea: 100.000 euroko partida aurreikustea udalerriko kaleetan dauden zuloak konpontzeko.
  • Segurtasuna: 25.000 euroko partida aurreikustea Udaltzaingoan, gutxienez, urte osoan txanda bakoitzean udaltzain bi egon daitezen.
  • Parkeak eta zabuak: 100.000 euroko diru-partida aurreikustea herriko jolasguneak eta zabu-guneak estaltzeko.