Plentziako Udalak bere webgunearen itxura berritu du, irudi modernoagoa ematen dion diseinu berri bategaz. BiscayTIK Fundazioak garatutako atariak aurreko diseinuaren abantaila denak dituela azaldu dute arduradunek, "baina aurkezpen hobea du, eta modu ordenatuagoan ematen du informazioa, diseinu sinple eta argiagoarekin". Gainera, elementu eta garapen tekniko berriak txertatu zaizkio, hiritarra zuzenean sar dadin behar duen informaziora.
Edukiari dagokionez, hasierako goiburua mantendu egin da, nabarmendutako eremu handiakaz: Udala, Zerbitzuak, Tramiteak eta Turismoa. Horien barruan, informazioa modu bisualagoan antolatu da, eta kasu batzuetan zabaldu ere bai, "Udalaren gardentasuna hobetze aldera", argitu dutenez.
Berrikuntza horregaz, Udalaren nahia da hiritarrei informazioa ematen jarraitzea herriko gai garrantzitsuenei buruz, eskaintzen diren zerbitzuei buruz eta bertako gai interesgarri guztiei buruz.
Udal arduradunek azaldu dutenez, aldaketa hori hasiera baino ez da, gunearen berrikuntza prozesu integralean. Udalaren helburua da pixkanaka ataria hobetzea, herritarren eskaera berriei egokitzeko.