Uda honetan, ekitaldi berria estreinatuko du Plentziako itsas hiribilduak: AgorriJazz. Izenak dioenez, abuztuan egingo da, hilaren 18an eta 19an. AgorriJazz jazz-musikaren jaialdi berria da, eta Udalak sortutako Plentzia Kulturaz ekimenaren barnean dago. Hala, ekimenaren helburua da jarduera artistikoak egutegiko “lehenengo lerroan” ipintzea. Horretarako, herritarren inplikazioa bilatu du Udalak. Jaialdia Ontziola plazan egingo dute, “Hondartza bai, kultura ere bai!” goiburupean.
Abuztuaren 18an, barikuan, Trizak eta Jon Urrutia Trio hirukotea igoko dira oholtzara. Trizak taldeak saxoa, bateria eta kontrabaxua joko ditu, 20:00etan. Trizak izena hartu dute belak igo eta jaisteko soketatik; “Trizak listo euki” esaten da portuan adi egoteko, prest, datorrena datorrela. Ondoren, 22:00etan, Jon Urrutia Trio hirukote gazteak askotariko errepertorioa joko du, tradizioan oinarrituta eta, aldi berean, berritzailea. Zapatuan, ostera, De Diego Brothers izango da, 20:00etan, eurek konposatutako musikagaz. Jaialdia Travellin’ Brothers seikote leioaztar ezagunak itxiko du.
Jaialdiko egitaraua
Abuztuak 18, barikua
- 20:00 Trizak
- 22:00 Jon Urrutia Trio
Abuztuak 19, zapatua
- 20:00 De Diego Brothers
- 22:00 Travellin’ Brothers