Plentziako Historiaren gaineko X. Jardunaldiak egingo dituzte hiribilduko Goñi Portal kultur etxean. Hala, hainbat berbaldi egongo dira uztailaren 11n, 12an eta 13an. Jardunaldi horien helburua da XIX. mende amaieran izan zen aldaketa aztertzea: Bilboko trenaren etorreraren aurretik (1898), eskualdeko kultura industrialaren gainbehera hasi zenean; kofradia eta Andra Mariren erritu erlijiosoak bertan behera utzi ziren, udatiarrak eta bertoko artistak edertasun naturalak baloratzen hasi ziren eta hiribildura zetozen bideak hobetu ziren, besteak beste. Horren denaren berri emateko berbaldiak eskainiko dituzte askotariko eremuetako adituek. Jardunaldiak David Crestelo Plentziako alkateak, Rosa Miren Pagola Eusko Ikaskuntzaren Bizkaiko lehendakariordeak eta Gonzalo Dúo jardunaldion koordinatzaileak abiaraziko dituzte. Martitzenean eta eguaztenean, bina berbaldi egongo dira; eguenean, berriz, Plentziako Museoaren Etnografia Batzordearen ikerketen berri emango dute hainbat adituk.