Lapurreta ekainaren 23an gertatu zen, Plentziako banku-sukurtsal batean. Bertan, hiru langile eta bezero bat zeudenean, aurpegia zapi batez estaltzen zuen gizonezko bat sartu zen, polizia-iturriek diotenez. Pistola atera eta mehatxu egin ei zien, kutxan zegoen dirua eman ziezaioten. Harrapakina hartu, eta bertatik ihes egin zuen.
Egintza horien ostean, Ertzaintzak egilea identifikatzeko ikerketa hasi zuten. Herenegun amaitu zen polizia-lana: ustezko egilea atxilotu zuten Meñakan, eta, era berean, beste pertsona bati ere egotzi diote lapurretan parte hartzea. Ustez, pertsona horrek zuzeneko egileari ibilgailu batean ihes egiteko "beharrezko estaldura" eskaini zion, lapurretaren ostean.